San Juan bezpera ospatzeko ekitaldiak bihar

Mirari Altube Arrese 2010ko eka. 22a, 14:29
San Juan bezperari eta era berean udako solstizioari ongietorria emango diogu bihar, hilak 23. Kultura Sailak antolatutako egitaraua hainbat berrikuntzekin dator aurten, eta dantzek aparteko indarra izango dute.

Ospakizuna hasteko Leizarra musika eskolak antolatuta Plaza dantza egingo dute Herriko plazan (18:00). Dantzariak ez dira baserritar jantzita egongo eta asmoa da herritar guztiak animatzea dantzatzera. Horretarako musika eskolako irakasle den Aitor Villarrealek gidari lanak egingo ditu eta dantzarik ezagunenak dantzatuko dituzte: Txulalai, San Petit, Polka pik… "Guztiondako izango da: txiki, heldu, dantzari, dantzari ohi… Ea giro polita sortzen dugun eta ondo pasatu", diote antolatzaileek.
Hori bukatutakoan buruhandiak aterako dira txistulariek lagunduta.

Dantzariak durana kaletik

Gaueko ekitaldien tartea Imuntzo eta Beloki taldearen dantzaldiak hasiko du (21:00). Gero (22:20) San Juanetako kalejira egingo dute musika eskolako dantzariek Eroski albotik irtenda, suziak lagun dituztela. Eta plazara ailegatutakoan San Juanetako zortzikoa eskainiko dute.


Sua piztu ondoren (22:30) San Juan kantua abestuko dute abesbatzako kideek eta dakiten herritarrek. Kantu berezia da hori, Aretxabaletan abesten dutena bakarra delako.
Eta gauerdiaren bueltan tantaia jasoko dute datorren urtean Santa Ageda neska-mutil izango diren gazteek, 1992an jaiotakoek hain zuzen.

Irak, gurutzeak eta San Juan sorta

Azken bi urteotan iraz estalita agertu dira herriko atarte guztiak San Juan egunean. Sasoi batean ere halaxe egiten zuten baserrietan eta herritar batzuk ohitura berreskuratzea erabaki dute. Ira horiek aurreko egunean moztu eta jasoko dituzte inguruko basoetan, eta gero 02:00etan hasi eta 07:00ak bitartean atartez atarte banatu. Egurrezko gurutzeak ere egingo dituzte eta atarteetan jarri kalterik sar ez dadin etxe horietan.
Bestalde, San Juanetako sorta egingo dute hainbat landare erabilita: kuku-frakak, bitxiloreak, garia, oloa, kipula, berakatza… Iaz egindako sorta Kultura Saileko arduradunek daukate gordeta eta aurtengo sutara botako dute, datozen uztak onak izan daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak