Leintztarrak "batuko" dituen liburua aurkeztu du Rosa Aierbek

Jon Berezibar 2009ko ira. 13a, 13:37
"Leintzatarrak atzera begira jarriko dituen" liburua aurkeztu zuten zapatuan Aretxabaletan. Hala esan zuen Inaxio Garro alkateak Arkupen eginiko ekitaldian eta Rosa Aierbe historialariak idatzitako liburu mardula lagungarri izango dela "gaur egungo egoera" ezin daitekeelako ulertu "mendeetan atzera egin barik". Aretxabaleta, Eskoriatza eta elizateen historia jaso dituen liburua, 'La historia del valle de Léniz (1260-1750)', dagoeneko salgai ipini dute, 25 euroko prezioan eta Kutxa eta Aldundiaren laguntzarekin.

Historia ulertzeko "mugarri"

Hain justu, Maria Jesus Aranburu Euskara eta Kultura diputatua egon zen aurkezpenean, Aierbe bera Gipuzkoako aditu sutsuenetakoa bezala aurkeztu zuen haren ahalegina goraipatuz. Gaia, gainera, ez zitzaion batere arrotza Aierberi, unibertsitateko tesina ere bailara horretan oinarritu baitzuen eta zenbait lan kaleratu ditu Oñatiko kontearen inguruan. Gertutik ezagutzen du, hortaz, historialariak leintztarren eta ibarraren bilakaera. Horren harira eta egungo biztanleei ere begira, Kutxako ordezkari Mikel Irizarrek autoestimurako pizgarri moduan ere aureztu zuen "mugarritzat" jotako Aierberen liburua.

Herritarrak batzeko

Aierbek Txartyn de Basterbero kultura taldeko Aitor Antxiarekin Oñatiko artxibategia tril egin zuenean hasi zen liburuaren istorioa. Antxia eskoriatzarrak eta aretxabaletarrak  batuko lituzkeen elementu edota agiriren baten bila ziharduen eta Aierbek 1495 urteko udal-ordenantza batzuk erakutsi zizkion. Espainian, Simancasen eta Valladoliden, daude ibarreko agiri historiko asko eta asko eta handik ekarri zituen historialariak. Artxibategi horietan egindako araketak sortu du ekarpenik handiena, egilearen beraren berbetan. Paper horien artean mendetan eskoriatzarrek eta aretxabaletarrek elkarren artean izandako liskarrak ere daude jasota, Leintz bailara (Arrasate eta Gatzaga hiri ala villa ziren aspalditik ordurako) bitan zatitu zutenetik.

Gipuzkoara batu arte

Bilakaera horren inguruan osatu du liburua Aierbek, Eskoriatza eta Aretxabaleta Gipuzkoara batu eta gerora artekoa. XV. mendearen amaiera hartan soilik bi bailara geratzen ziren, antolakuntza modu bezala, Gipuzkoan, Oiartzungoa eta Leintz. Antxiak kontatu zion bazebiltzala zelanbait bailarako herritarak batuko lituzkeen ospakizunen baten bila eta esan zion Aretxabaleta eta Eskoriatza banatu zireneko 375 urtemuga ospatzekotan. Orduan proposatu zion Aierbek benetako asmoa bizilagunak batzea izatekotan hobe zela, adibidez, leintztarrak Gebararren jaurerritik banatu zirenekoa. Hortik ikerketa sakonagoa egitea proposatu zioten adituari zapatuan aurkeztutako 400 orri pasatxoko liburu marduluean bilakatzeraino. Aurkezpenean esan zuen "bailarako auzi benetan politak aurkitu" dituela, frogatzen dutena gozkien eskubideen alde zein borrokalaria izan den" Leintz bilara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak