'La Mancha nos dio un gudari' liburua aurkeztuko du bihar Jose Mari Horcajadak

Mirari Altube Arrese 2008ko urr. 3a, 13:04
1924 eta 1936 urte artean Aretxabaletan bizi izan zen Jose Mari Horcajada Martinez (Huelves, 1920) Joxetxiki-ren bizipenak jaso dituzte liburu baten: 'La Mancha nos dio un gudari'. Aretxabaletako kontuak eta gerra sasoiko bizipenak dituen liburua bihar, urriak 4, aurkeztuko dute Arkupe kultura etxean (12:00).

Joxetxiki-k berak jaso ditu oroitzapenok liburuan, eta Arantza Berezibarrek, Jose Ramon Intxauspek eta Aitor Antxiak zuzenketa lanak egin dizkiote. 36ko gerraren gaineko kontuak batzen hasi eta Joxetxiki-ren berri izan zuten hiru lagunek. 2006ko apirilean egin zioten bisita, eta oroimen liluragarriko gizona aurkitu zuten. 1935eko errolda datuekin joan ziren gero, eta kale eta etxeen zenbakia aipatzea nahiko zuten bertan bizitako familien berri emateko. Joxetxiki-ren istorioak entzunda sasoi bateko Aretxabaletako bizimodua ezagutu dute, eta orain herritar guztiengana iritsiko da.

Cuencako aretxabaletarra

Huelves herrian (Cuenca) jaioa, 1924an ailegatu zen familiarekin batera Aretxabaletara. Lagun asko egin zituen orduan, eta euskaraz ikasi zuen –oraindik ez zaio ahaztu. 1936ko irailaren 24an faxistak gurean sartu zireneko lekukoa izan zen, eta Durangora alde egin behar izan zuen. 16 urterekin gudarien Zapadore konpainian eman zuen izena, Loiolako 4. Ingeniari Errejimendu barruan. Porrota irentsi behar izan zuen eta askatasunik gabeko bidaia luzeari ekin zion: lehenengo Aretxabaletako Zarraoa etxean, gero Añorgako Zapatari kartzelan, ondoren Miranda de Ebron (Burgos), Madrilen eta Reusko kontzentrazio-esparruetan (Tarragona). Azkenean, Langile Batailoietatik pasatu behar izan zuen Jubera (Soria) eta Garrapinillosen (Zaragoza). Sufrimendu, gaixotasun, tratu txar, gose eta miseria garaiak jasan behar izan zituen. Hori gutxi ez, eta soldadu bidali zuten: Lizarrako Indartze Errejimenduko Zapadore konpainian sartu zuten, eta pala eta pikatxoia esku artean zuela Agiña mendian ibili zen lanean. Handik Menorca irlara eroan zuten.


Bizimodu zibilera 1945ean itzuli zen, eta senideak Gasteizen elkartu ziren. Une gogorrak ziren gerra ostekoak, baina Malkorre baserriko Juan Arregi eta haren anaiekin tril egin zuenean zeharo aldatu zitzaion etorkizuna. Pertsona geldiezina, laster sartu zen administrazioarekin harremanetan eta politikan. Arabako udal elkarte baten idazkari izan zen –Iruña Oka, Mendoza, Los Huetos–, ondoren Zalduondora joan zen eta azkenik Iruña Okako alkate eta zinegotzia izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak