Kulturarako eraikina kudeatzeko proiektua aurkeztu du herritar talde batek

Mirari Altube Arrese 2008ko api. 10a, 14:13
Kulturarako eraikin berriaren kudeaketa enpresa baten esku uztea erabaki zuen Udalak, eta lehiaketa deitu. Hori jakinik, herriko hainbat lagun elkartu eta proiektua aurkeztu dute. 'Gogoa da guztia' du izena, eta bihar, hilak 11, herritarrei aurkeztuko diete (19:00) udaletxe zaharrean.

Hamar bat lagun ibili dira proiektua egiten, tartean Zigor Lasagabaster, Iñigo Louvelli eta Beñat Zamalloa. "Antzerkia, dantza, musika… eta antzeko kontuetan gabiltzan aretxabaletarrak elkartu ginen. Loramendi Euskara Elkartearekin egin genuen berba, eta babes osoa eman digu", diote. Eta Gogoa da guztia izena jarri diote proiektuari: "Gogoa izanez gero edozer mugiarazi daitekeelako".

Kultura ekintzen sortzaile

Kultura etxea kudeatu bakarrik ez "herriko kultura astindu" gura du talde horrek. "Kultura herritarren eskura jarri gura dugu, samurtasunak eman eta herritarren gogo eta nahiak bete", dio Zamalloak. Gainera, argi daukate kultura ekintzen kontsumitzaile bakarrik ez direla izan behar herritarrak, sortzaileak ere bai: "Elkarte asko ditugu herrian eta sortzaileak izan behar dira, laguntzarekin, noski. Elkarlana eta koordinazioa bultzatuko ditugu, baina enpresarenganako mendekotasun barik; euren autonomia izaten jarraituko dute", argitu du Lasagabasterrek.
Hala, hainbat batzorde sortuko lituzkete lan egiteko, tartean, elkarteen batzordea, eta herritarren batzordea edo sormen batzordea:"Azken hau ideiak botatzeko taldea izango da eta motore lanak egingo dituena", dio Louvellik.

Lan mardula egin dute: herriko diagnosia egin, helburuak jarri, estrategiak finkatu eta jarduerak zehaztu: "Bi urterako hartuko dute enpresa eta lehen urteko ekintza guztiak ondo zehaztuta aurkeztu ditugu", esan du Zamalloak. Gainera, proiektuak aurrera eginez gero urte bi barru desagertzeko asmoa daukate: "Argi dugu kulturaren kudeaketa publikoa izan behar dela; adituek egon behar dute, baina kultura herritik sortu behar da".

Hainbat elkarteri aurkeztu diote proiektua –guztiei ezin denbora kontuagatik–, eta babesa eta lan egiteko konpromisoa jaso dute. Bihar, apirilak 11, herritarrei aurkeztuko diete "denona" izan dadin, eta ez 10 lagunena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak