Kultura plana osatzeko lehen fasean 55 herritarrek esku hartu dute

Mireia Bikuña 2009ko uzt. 20a, 13:26
Aretxabaletako Udalak bukatu du kultura planaren lehen fasea. Hilaren 9an egin zuten aurkezpena Arkupe kultura etxean. Lau gai nagusi zehaztu dituzte; hain justu ere, elkarlanerako batzorde eraginkor eta anitzen beharra; Arkupe kultura etxearen kudeaketa; herriko lokalen berrantolaketa; eta kultura eskaintza hobetzea. Era berean, atal nagusi bakoitzean hobetu beharreko gaiak zehaztu dituzte

Lantaldetan landutako guztiak txosten batean jaso ditu Elhuyar Aholkularitzak. Ondoren, txosten horretan oinarrituta, beste saio bat egingo dute Udaleko kultur batzordeko kideekin, ordezkari politikoekin eta teknikariekin.

Helburuak

Udala garatzen hasi den planaren helburu nagusia da herriko bizitza eta kultur dinamikaren inguruko gogoeta egitea eta kultura mailako etorkizuneko ildoak definitzea; eta hori guztiori herritarren laguntzarekin egin dute.
Prozesuan parte hartu duten herritarrek borondatez egin dute. Guztira, 55 lagun elkartu dira. Lau talde osatu dituzte: hiru adinaren arabera (16-20 urte artekoak, 20-55 urte artekoak eta 55 urtetik gorakoak), eta laugarrena herriko taldetako ordezkariekin.
Talde bakoitzak bi saio egin ditu: lehenengo saioan Aretxabaletako kulturaren egoera aztertu dute; eta bigarren saioan, etorkizunerako proposamenak egin dituzte.

Batzorde berriaren lana

Kultura planaren lehen fasea bukatuta lanean jarraituko dute irailetik aurrera. Abendurako kultur batzorde berria sortu nahi dutela esan digu Aretxabaletako alkate Inaxio Garrok.
Planean parte hartu duten herritarrek zehaztu duten moduan, kultur batzorde berriaren lanak izango dira, kultura eskaintza hobetzeko sortzen diren arazoei irtenbidea ematea, eta hala badagokio Arkuperen kudeaketa egitea, besteak beste. Bestalde, Udalak uste du batzorde berriak Arkupeko ildoak definitzen laguntzeko eskumenak izan beharko lituzkeela.

Ondorio nagusiak

Batzorde eraginkor eta anitzak

> Kultur eragileen arteko komunikazioa ezinbestekoa da, eta Udalaren eta kultur eragileen arteko harremanak sendotu.

> Kultur eskaintza elkarlanean sortu behar dute.

> Egitarau bateratua egin, Udalak eta herriko taldeek antolatzen dituzten ekintzei lehentasuna emanez.

> Ezinbestekoa da elkarlanerako egitura berria sortzea.

Arkuperen kudeaketa

> Batzuen ustez herriko enpresa baten esku utzi beharko litzateke; beste batzuen iritziz Udalak edo sortzen duten egiturak kudeatu beharko luke.

> Udalaren ustez garrantzitsua da egitura berriak eskumena izatea Arkupeko ildoak definitzeko.

 

Herriko lokalen berrantolaketa

> Herriko lokalak berrantolatu egin behar dira herritarren beharrak kontuan izanda.

> Kuartela bota aurretik, espazioa erabiltzen duten taldeei toki egokia topatzea.

> Arkupeko espazioaren erabilera optimizatzea.

> Gazteek gaztetxea behar dute. Alkatea bilduko da eurekin.

> Gaztelekuaren egungo lokala ez da egokia.

> Ikuskizun handietarako aretoa kirol etxean egiteko ahaleginak egin behar dituzte.

> Iraeban eta Irurikua baserrietarako proiektuak martxan jartzea.

 

Kultur eskaintza hobetzea

> Kultur eskaintza hobteu, adina, jatorria, lanbidea eta generoa kontuan hartuta.

> Euskarari lehentasuna ematea.

> 16 urtetik gorako gazteendako ekintzak antolatzeko ahalegin berezia egitea.

> Kultur egitarauei astindua eman behar zaie eta gauza berriak antolatu.

> Etorkinak aintzat hartu behar dituzte.

> Kultura ez da kultura etxera mugatu behar.

> Egitura berriaren lan nagusiena arazo guztiei konponbidea ematea da.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak