Kontsumo jarrerekin arduratuta daude Kurtzebarriko ikasleak

Goiena 2008ko eka. 2a, 11:27
Azken urteetan, Tokiko Agenda 21aren baitan, Kurtzebarri ikastetxekoak ingurumenaren aldeko jarrerak lantzen aritu dira, Eskola Agenda 21 programaren bidez. Aurten kontsumo jasangarriaren gainean jardun dute eta lan horretatik ateratako kezkak, konpromisoak eta proposamenak azaldu zizkieten ikasleek udal ordezkariei, eguenean.

Osoko bilkura egin zuten horretarako. Inaxio Garro alkatea eta Ingurumen zinegotzi Joxe Anjel Antxia izan ziren han. Kurtzebarri eskolatik, bestalde, Lehen Hezkuntzako eta DBHko 30 ikaslek parte hartu zuten.

Ikastetxe barruko eta herri mailako kontsumo jarrerak aztertu zituzten. Diagnostikoa egiteko erabilitako teknikak eta egindako irteera azaldu zituzten. Azken horren harira, besteak beste, Sasieta zabortegian, Lastur auzoko Goikola eta Arantzazuko Gomiztegi baserrian izan ziren. Azterketa egin ostean, foroa egin zutela jakinarazi zieten, hartu beharreko konpromisoak eta Udalari zuzenduriko proposamenak zehazteko.

Ikasleen konpromisoak

Konpromisoen atalak hamalau puntu ditu guztira. Hala,  konpromisoak hartu dituzte ikasleek, besteak beste: zaborra dagokion zakarrontzira botatzeko, gelako materiala zaintzeko, papera aprobetxatzeko, erosketetan kontsumo ohitura egokia izateko, plastikoen erabilera gutxitzeko, produktu ekologikoenak erabiltzeko, olioa birziklatzera eramateko, argiak eta ordenadoreak behar ez direnean itzaltzeko eta erosketak egitera joan aurretik zerrenda egiteko.

Udalarendako proposamenak

Udalari egindako proposamenen artean, bestalde, sentsibilizazio kanpainak egiteko gonbita dago; baita olioa eta pilak zein poltsikoko telefonoak birziklatzeko eduki ontziak jartzeko ere. Horrez aparte, ikasleek paperaren eduki ontzia toki egokiago batean kokatzea eta zakarrontzi kopurua gehitzea eskatu diete Udalari.

Udal instalazioetan, bestalde, eguzki plakak jartzea, produktu birziklatuak erostea, egoitzetako tenperatua 20º C-tan jartzea, farolei txapelak eta aurrezteko iturriak jartzea eta argi naturala erabiltzea proposatu dute. Gainera, bildukiak gutxitzearen eta publizitatearen banaketa arautzearen alde daude.

Datorren urtean bilkura egitea adostu zuten udal ordezkariek eta Kurtzebarriko ikasleek, eguenean aurkeztutako proposamen horien berri jasotzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak