Karmele Igartua Aretxabaletako poeta hil da

iban arantzabal 2010ko abu. 21a, 14:53
Egubakoitz arratsaldean hil zen Igartua. Aretxabaletan jaioa, 1959an. Irakaslea herriko Eskolan. Poesia beti lagun, irakasle jardunean ere izan zuen aukera sortutako antzezlanak ikasleekin edo irakasleekin taularatzeko, baita deklamazioan trebatzeko (bera, eta berarekin batera ikasleak). 2005. urtean Bergarako Idazle Eskolan izena ematea iturri bat zabaltzea izan zen. Harrezkero irakurri eta idatzi ditu denboretan gura izandakoak. Lehenengo ikasturte bukaeran Idazle Eskolako beka jaso zuen narrazioa alorrean. Artikuluak ere idatzi ditu Mugalari, Nabarra edo Administrazioa euskaraz aldizkarietan. www.idazten.com webgunean irakur daitezke bere testu batzuk. Marina Tsvietáieva poeta errusiarraren 12 gutun itzuli ditu gazteleratik.

Bere azken errezitaldia LITERATURIAn eman zuen, Igor Estankona, Paddy Rekalde eta Xabier Montoiarekin. Ordukoan ere oso ondo ez zegoela zioen baina edarto asko errezitatu zituen bere poemak. Loramendi elkarteak bere proiektua aurkeztu zuenean ere ordu laurdeneko errezitaldia egin zuen maiatz hasieran. Goienari egindako elkarrizketa batean esaten zigun irakurleon esku utzi duela poesia. "Poesia da laburpena. Bizitzarena. Pentsamendu oso bat zehatza, zehaztua. Hitz bakoitzak aukeratua behar du, koma bakoitzak hausnartua. Eta hitz egiten duten isiluneak. Zer eta nola. Poesia da laburpena: izana esanetan eta batzuetan, orbainak hitzetan"

Biografia idazleak.org helbidetik:

Aretxabaleta, 1959.
Irakaslea da Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolan.
Eskolan hasi zen antzerki lanak sortzen, eta 2000. urtetik hona hiru obra sortu ditu, ikasleek taularatzeko pentsatuak. Horietako bat, Iruzurra, irakasle talde batek ere taularatu zuen.
Mariasun Landaren narrazio lan bat antzerkirako egokitu du.
Horrekin batera, izan dira prosazko lanak ere orain arteko ibilbidean, Mugalari edo Administrazioa Euskaraz argitaratu ditu bere idazlanak. Honez gain, zenbait euskal idazleren obren iruzkinak L.Luma berrien eleak aldizkarian argitaratu ditu. Baina, denarekin, azken urteetan, gehien irakurri eta idatzi duen generoa poesia izan da, L.Luma berrien eleak argitaratutakoak hauek ere.
Bide horretan Marina Tsvietaieva, idazle eta poeta errusiarraren 12 gutun itzuli ditu, Wilnoko gutunak, hain zuzen ere.
Idazle Eskolaren beka irabazi zuen narrazio sailean. Web orrian irakur daiteke beka jaso zuen lana.

Bere poemetako bat:

... Zu maitatu eta geroko muxuan
bizi naiz
berriz maittauko nauzun arte;
eromena eta geroko soseguzko pasioan
zauzkat             hementxe,
esnatuko zaitudan gero laster horretara arte;
isuri guztien ondoko bateratasun infinituan
naukazu             irrikaz betea,
udazken edo gaztaina edo egunsenti koloreko
gure begiek
musukatu
eta elkarrengana
errendituko diren arte.

( /Denbora enaren hegaletan/. Pamiela 2009)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak