Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasketak Aretxabaletara, 2011rako

Goiatz Arana Begiristain 2009ko aza. 2a, 13:00
Txiki geratu da Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Egoera horrek toki faltan egon zitezkeela pentsatu arazi zion Aretxabaletako alkate Inaxio Garrori eta bilera egin zuen MUko errektore Josu Zabalarekin. Estu antzean zeudela baieztatu zion Zabalak eta, Aretxabaletan, eraikin bat uzteko gertu zeudela erantzun Garrok.

Tubos de Precision lantegia egondako eraikina da Aretxabaletako Udalak proposatzen duena, herrirako iparraldeko sarreran. Ortuzal sustatzailea da jabea, baina Udalari lagatzeko gertu dago –alde biak akordio batera ailegatu ziren– eta Udala, aldi berean, prest dago Huheziri uzteko.

Eremu hori industriarako erabili da orain arte, baina kalifikazio aldaketa martxan dago: gaur zortzi egindako osoko bilkuran, aho batez onartu zuten, aurrerantzean, hezkuntzarako eta etxebizitzatarako izan dadila. Arau subsidiarioak aldatzeko hartutako erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bidali dute eta bi hilabetez egongo da jendaurrean, proposamenak egiteko.

Epe hori bukatuta, Diputaziora eta Eusko Jaurlaritzara jotzea izango da hurrengo urratsa. Hiruna hilabeteko epea izango dute proposamena aztertzeko, baina Inaxio Garrok azaldu digu Aretxabaletako Udalak bere eskuetan dagoen dena egingo duela, erakunde publikoek gaia ahalik eta azkarren jorra dezaten. Oniritzia ematen dioten momentutik aurrera, lanak hasteko moduan izango dira.

Lagapena zein baldintzatan egingo den galdetuta, Garrok erantzun digu HUHEZIk eraikinari ematen dion erabileraren araberakoa izango dela: "Arazo barik erabili ahal izango du eraikina, eskolak ematen jarraitzen duen bitartean. Aretxabaletako Udalak ez dio dirurik eskatuko trukean, baina eraikinean egin beharreko egokitzapen lanak, hori bai, Huhezik ordaindu beharko ditu".

HuheziI, proiektua garatzen

Aretxabaletako Udalak urrats administratiboak ematen dituen bitartean, Huhezi proiektua aurreratzen dabil; dituen beharren arabera, zer eta nola egin zehazten. Nekane Arratibel dekanoak argitu digu euren nahia dela, 2011-2012 ikasturtean, Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasketak Aretxabaletan eskaintzea.  "Toki aldatzeak jende gehiago hartzeko aukera emango liguke –gaur egun, 140 pertsona ditugu ikasketa horiek egiten–, baita azpiegiturak, bitartekoak... indartzekoa ere" gaineratu du. Eta "bailara unibertsitate" kontzeptuari egin dio erreferentzia: "Bailarako hainbat herritan zabalduta dagoen unibertsitate bakarra izango da munduan eta hori ona da guretzat; herri arteko distantziak txikiak dira".

Goiena bidelagun izan nahi du

Huhezi pausoa emateko gogoz dago, eta Goiena bidelagun izan dadin nahi du: toki berrira, Goienarekin batera joatea proposatu dio Aretxabaletako Udalari. Eraikinak 2.700 metro koadro ditu, baina eremu osoak 20.000 baino gehiago, eta aukera dago egungo eraikinaren ondoan beste bat jasotzeko. Aretxabaletako Udalak ez dio, zentzu horretan, inolako eragozpenik ipini. Are gehiago, Inaxio Garro alkateak uste du irizpide onez egin duela Huhezik proposamena, unibertsitatearen alde teorikoa eta kooperatiba elkartearen alde praktikoa bata bestearen osagarri izango liratekeelako. "Onuragarria litzateke gure herriarendako: ekonomia suspertzen eta aberastasuna eta enplegua sortzen lagunduko liguke. Nik Aretxabaletan ikusten ditut Huhezi eta Goiena" adierazi du.

Goienako egoitza Markuletera eramateko eskaera

Gaur egun, Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkarteak Debagoieneko hiru herritan ditu bere bulegoak –Bergaran, Arrasaten eta Aretxabaletan– eta asmoa da eraikin bakar batean bateratzea guztiak. Huhezik egindako proposamenari dagokionez, Goienak begi onez ikusten du MUko komunikazio arloarekin batera Aretxabaletara joatea, baina hainbat puntu argitzeke daude oraindik eta, horregatik, serio ari da aztertzen Arrasateko Markuletera lekualdatzeko aukera: "Aretxabaletako eraikinaren lagapena zein baldintzatan egingo den eta prezioa zehazten ez diren bitartean, beste aukera batzuk aztertzen gabiltza. Aretxabaletara joateko aukeraren aldeko apustua egiteko gertu gaude, baina baldintzak argitu bitartean, beste apustu bat jokatu beharrean gaude. Gauzak horrela, uneotan, Errektore Kontseiluaren buruan dago Markuleten lokalak eskatzea", azaldu du Inazio Arregi Goienako zuzendari orokorrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak