Hirigintza Plan Orokorra herritarren parte-hartzearekin lantzeko ekimena, aurrera doa

Txomin Madina Milikua 2007ko abe. 5a, 17:40
Hilabete hauetan hainbat bilera egin dituzte herriko sektore ezberdinetako ordezkariekin osatutako taldeek, eta hasi dira jada proposamenak garatzen. Elhuyar Aholkularitza Zerbitzuek urtarrilean aurkeztuko dute informea.

Hurrengo Hirigintza Plan Orokorra lantzeko orduan herritarren parte-hartzea sustatzeko eta euren iritziak jasotzeko ekimen berezia jarri zuen martxan Aretxabaletako udalak pasa den irailean. Elhuyar Aholkularitza Zerbitzuekin elkarlanean, herriko sektore ezberdinetako ordezkariekin 6 talde egin zituzten. Herrian bizi direnek, landa auzoetakoek, merkatariek, lan mundukoek, alderdi politikoetakoek eta herriko elkartetakoek osatzen dituzte talde hauek. Hainbat bilera egin dituzte herriko beharrak eta herritarren nahiak zeintzuk diren zehazteko, eta Elhuyarreko bi dinamizatzaile aritu dira bilerok koordinatzen. Ekimenak erantzun ona izan zuela azpimarratu dute, eta zenbait sektoretan beste batzutan baino jende gehiago bildu den arren, denak ere gogotsu dabiltzala azaldu du Asier Baglietto Elhuyarreko dinamizatzaileak.

Urtarrilean, informea

Sektoreka egindako bileren ostean, adoste taldeetan egin dituzte bilerak. Hauetan, taldeetako ordezkariak elkartzen dira, eta taldeka ateratako ondorioak eztabaidatu eta bateratu dituzte. Bagliettok aipatu du kontsentsu edo bat-etortze zabala egoten dela adoste bileretan: orokorrean larregi haziko ez den Aretxabaleta nahi dute, industria eta etxebizitzen artean oreka duena. Hor ateratako erabakiei konponbide teknikoa bilatu behar izaten zaie, proposamenak aurrera eramatea posible den ikusi eta hala izanez gero, nola egin jakiteko.

Azken bilera abenduan zehar egingo dute, eta urtarrilean Elhuyar Aholkularitza Zerbitzuek informe bat idatziko dute ateratako ondorio eta proposamenekin, eta ondoren, Udalaren esku geratuko da, apropos ikusten  dituen aldaketak egin ditzan.

''Ekimen interesgarria, baina ez nahi bezain plurala''

Maier Etxebarriak, herriko elkarteen taldean hartu du parte. Ekimena interesgarria iruditu zaio, batez ere parte-hartzea bultzatzen duelako, baina akaso pluraltasun gehiagoren beharra ikusi duela ere adierazi du; gazte edo adineko gutxi egon dela ere gaineratu du. Bere iritziz, Aretxabaletak garbia izan behar du etorkizunean, berdegune ugarirekin, eta elkarteetan jendearen parte-hartzea bultzatzea ere beharrezko zerbait da.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak