Gure beste 'ni'-ak ulertzeko antzezlanak arrakasta izan zuen Arkupen

Maider Arregi 2009ko urr. 11a, 21:41
Nagore Aranburu, Aitor Beltran, Teresa Calo, Iñaki Urrutia eta Asier Zinkunegi, eskarmentu handiko aktoreak dira eta badakite publikoa nola sartu poltsikoan. Arkupe kultura etxeko Zaraia aretoan, txalo zaparrada bat baino gehiago jaso zuten eta ikuslearekiko 'feeling'-a nabarmen geratu zen. Zaila da barre eragitea baina badakite nola lortu: ironia, hiperbolea eta umorea maisuki erabiliz.


Gidoi landu batekin eta gertutasuna azaltzen duten gaiekin batera, Zaraian zeuden asko identifikatuta sentituko ziren seguruenez. Erreprimitutako desioa, suizidioa, maitasun platonikoa, psikiatrara joateko beldurra, segurtasun falta, harremanak… eguneroko gaiak landu ditu Jokin Oregi zuzendariak.
Ikusleari negar egin araztea, barre egin araztea baino errazagoa dela esan ohi da. Izan ere, tragedia batekin erraz egin daiteke negar. Baina komedia batekin agian ez da horren erraza barre eragitea. Kanpingagsen Ni naiz Hector, ni bakarrik! antzezlanak, badauka formula barre eragiteko. Inteligentziaz erabilitako ironiaz gain, hiperbolea, exagerazioa, da nagusi antzezlanean. Halaxe lortu zuen barre algarak eta txaloak Zaraia aretoan Jokin Oregi zuzendariaren lanak.

Komedia eta hiperbolea

Protagonista nagusia, Hector  da, 30 urteko ezkongabea. Hectorrek arazo bat dauka, izan ere, orain dela urte batzuk, bere buruaren barrenean, bi ahots entzuten hasi zen. Ahotsak, bi nortasun desberdinetan bilakatuko dira: bata, adar jotzailea, eta bestea nortasun ilunekoa.
Eromen horri amaiera emateko, psikologora joateko erabakia hartzen du Hectorrek, eta, hala, bere beldurrei aurre egin. Baina, ez du edozein psikologo hautatzen; txikitatik maiteminduta dagoen neskarengana joaten da laguntza eskatzera.
Antzezlana dinamikoa eta azkarra da; aretotik irten ostean, buruari bueltak ematera eragiten duen horietakoa. Esaldi borobilez betetako gidoiaz baliatzen da Oregi. Besteak beste, horrelako esaldi zorrotzez eta gordinez betetakoa: "beldurrez dagoen jendea, buztin puska bat bezala erabilgarria da".
Ordu eta erdiko iraupena daukan antzezlanak, sorpresatxo bat ere badakar bukaera aldean. Hectorren izakera antzezten duten hiru aktoreek ironiaz eta umorez betetako abestia eskaintzen die ikusleen belarriei. Ni naiz Hector, ni bakarrik! Eszena horrexek, hain zuzen ere, ikuslearen txalo zaparrada eta barre algara nagusienak jasotzen ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak