Gogaituta daude txakur kakekin Bedarreta aun

Mirari Altube Arrese 2009ko urt. 22a, 16:02
Bedarreta auzoko hainbat bizilagun gogaituta daude etxe aurreko lorategian pilatzen zaizkien txakur kakekin eta joan zen astean zenbatu egin zituzten.

Bedarreta auzoko hainbat bizilagun gogaituta daude etxe aurreko lorategian pilatzen zaizkien txakur kakekin eta joan zen astean zenbatu egin zituzten. Baita zenbakidun karteltxoak jarri ere "kakak uzten dituztenek hobeto pentsa dezaten hurrengoan". 50 metro inguru dituen lorategi zatitxoan 45 bat gorotz zenbatu zituzten: "Eskegitzerakoan arroparen bat jausiz gero lorategira, ahaztu harekin", dio bizilagun batek.
Egoeraren berri udaletxean behin baino gehiagotan emana dutela adierazi digu, baina ez dutela ezer egiten uste du: "Autoa txarto aparkatuz gero jartzen dituzte ba isunak, kaka ez jasotzearren ere jar ditzatela isun batzuk eta txakur horien jabeak kakekin zer egin pentsatzen hasiko dira". Txakur gehienak ilunkaran ateratzen dituztela kanpora diosku eta iluntasunaren babesean eta despistatu itxurak eginda uzten dietela kaka egiten.
Ordenantza webgunean
Aretxabaletako Udalak animalien gaineko ordenantza egin zuen orain dela hiru bat urte, eta jabeen eskubide eta betebeharrak zehaztu zituen. Udalaren webgunean dago ikusgai, gainera. Martin Garai udaltzain buruak gogorarazi digu txakurrek beti lotuta joan behar dutela kalean eta jabeek kakak jasotzeko betebeharra daukatela: "Bete ezean 43 eta 431 euro arteko isunak jaso ditzakete, hutsegite arinak direlako ordenantzaren arabera", dio. Gainera, edozein herritarrek sala ditzakeela kaka jasotzen ez duten horiek dio: "Herritarren betebeharra da horren berri ematea".
Udaletxean kakak jasotzeko poltsak debalde eskaintzen dituzte aspaldiko urteotan, hortaz, txakurren jabeak lasai joan daitezke eskatzera. Bedarretako bizilagun batzuek uste dute txakurrek kaka egiteko toki berezia jarri beharko lukeela Udalak jolas parke berria egin duten lorategi inguruan, baina Garai udaltzainburua ez da horren aldekoa: "Horretarako hobe basora eroatea", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak