Giro jatorrean, eta euskaraz, pasa zuten zapatua Aretxabaletan

Edurne Burgaña 2007ko mai. 21a, 10:58
Baba janean, 130 lagunetik gora hartu zuten parte. Goizetik hasi eta iluntzera arteko ekimenak egon ziren.


Euskararen Eguna mendi ibilaldi batekin hasi zuten zapatuan, maiatzak 19, Aretxabaletan. Loramendi Euskara Elkarteak Murrukixo mendi taldearekin elkarlanean antolatutako ekimena izan zen berau. Eguraldi txarra iragarrita egon arren, egun hodeitsua, baina ateri egon zen egun osoan.

Kale giroa herrian

Leizarra musika eskolako trikitilariek kalejira egin zuten musika eskolatik hasita, eta euren soinuekin giroa alaituz ibili ziren.
Haurrek ere eduki zuten euren tartea. Mitarte kalean, haurrentzako tailerrak egin zituzten. Aretxabaletako umeek parte hartzeko gogoa erakutsi zuten; pila bat joan ziren, eta nahikoa lana izan zuten denei musua margotzen.
Imanol Lazkano eta Iker Zubeldia bertsolarien txanda etorri zen atzetik. Leintz bertso eskolako ikasleek hasi zuten saioa, eta Leire Lardizabal Loramendi elkarteko kidea aritu zen gai jartzaile. Ordu berean, gazta-dastatzea egon zen, eta jende mordoxka bildu zen.
Udaletxeko arkupetan egin zuten baba-janak ere arrakasta eduki zuen. 130 pertsonatik gora bildu zen bertan, Uratz-alde, Urbaltz eta Muru-alde elkarteek prestatutako babak jan eta Batzokikoek egindako kafea hartzeko. Portaloia elkartekoak ere bertan agertu ziren, eta eurek banatutako letrekin, kantaldia egin zuten.

Umeendako ekintzak

Bilbotik etorritako gaitariak ere herriko kaleetan ibili ziren giroa berotzen 17:30etik aurrera.
Gaztelekuko arduradunek antolatuta, herri kirolak egin zituzten 12 eta 16 urte bitarteko ume eta nerabeek.
Umeentzako beste tarte bat egon zen jarraian. 18:00etan, haurrentzako bolo-boloa egin zuten Udaletxe Zaharreko balkoitik; Loramendi elkartekoek, goxokiak eta beste hainbat gauza bota zituzten bertatik herriko txikienentzat.
Larrin dantza egin zuten 19:00etan Durana kalean. Herriko jendeak parte hartzen du horretan, eta gainera, dantza taldekoak ere aritzen dira; beraz, talde polita osatzen dute guztien artean.
Eguna amaitzeko, Turru-Tarra fanfarrearekin kalejira egin zuten aretxabaletarrek. Bilbotik etorritako musikariek egunari amaiera borobila eman zieten zapatuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak