Gazteen egoera ezagutzeko egitasmoa jarri du abian Udalak

Mirari Altube Arrese 2008ko urr. 31a, 11:56
Kale heziketa edo Ingurune Irekiko egitasmorik behar dugun Aretxabaletan jakiteko herriko gazteen ezaugarriak, bizimodua eta ohiturak ezagutzeko lanean dabil Udala. Kabia elkartea hartu du lan horretarako eta hezitzaile bi dabiltza irailaz geroztik diagnostikoa egiten.

Prebentzio Zerbitzuak jarri du abian egitasmoa eta arrazoia da gero eta familia gehiago hurbiltzen direla Gizarte Zerbitzuetara laguntza eske: "Gurasoek arazoak izaten dituzte seme-alabekin, hau da, euren arteko harremanak ez dira nahi bezain onak, etxeko arazoak ez dakizkite zelan bideratu…", dio Myriam Beltran de Heredia teknikariak.


Abendura bitartean egingo dute diagnostikoa Kabia elkarteko hezitzaileek, eta jasotako emaitzak aztertuta erabakiko dute Ingurune Irekiko egitasmoa abian jarri beharra dagoen edo ez. Hala balitz, lau urterako egitasmoa abiaraziko lukete.

Behaketak eta elkarrizketak

Diagnostikoa egiten diharduten hezitzaileak herriko gazteen egoera ezagutzen dabiltza orain: noiz eta non elkartzen diren, zelako harremanak dituzten, taldean daudenean zelan jokatzen duten, euren beharrak eta arazoak zeintzuk diren… Era berean, gazteendako herrian dauden azpiegitura eta baliabideak aztertuko dituzte eta gainerako herritarren iritzia jakin. Horren guztiaren berri izateko hainbat eratara dabiltza lanean: behaketa eginda, gazteekin zuzenean egonda eta gazteekin lan egiten duten eragileei elkarrizketak eginda.


Jasotako informazio guztia aztertu eta Ingurune Irekiko egitasmoa abiaraztea erabakiko balute, hona jarraituko lituzketen pausoak: heziketa lantzea banan-banan; gizarteratze prozesu egokia erakusten duten lagunak izaera normalizatuko talde edo erakundeetara bideratzea; pertsona eta talde bakoitzarekin banan-banan lan egitea; eta kasu bakoitzari jarraipena egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak