Ekuatore Ginean nekazal ekoizpena hobetzea du helburu Hiruatxek

Mirari Altube Arrese 2008ko abe. 18a, 13:22
Ekuatore Gineako proiektuaren berri eman die Hiruatx elkarteak kolaboratzaile eta herritarrei. Nekazal ekoizpena hobetzeko lanetan dabil iazko irailetik.

Ekuatore Gineako Mitemelete herrian dabil lanean Hiruatx elkartea azken hiru urteotan. Oilasko kooperatiba jarri zuen abian lehenengo –2005 eta 2006 artean– eta orain nekazal ekoizpena hobetzea du helburu.

Nekazal proiektuak bi atal ditu: batetik, ortuko etekinak hobetuz familietan elikadura maila egokia lortzea eta bestetik, landaketa batzuk abian jartzea familiendako diru iturri izango diren uztak lortzeko. Izan ere, diru iturria izateak bizitza duinagora hurbilduko lituzketela uste dute Hiruatxeko kideek: heziketa, osasun zerbitzua, etxebizitza, edateko ura… Uzta horiek –artoa, soya eta yuka– gainera, badute eroslea, oilaskoen granja. Hala, garapen eraginkorraren oinarriak ezartzea gura dute Ginean: familien elikadura –autohornikuntza–, diru sarrerak ziurtatuko dituen ekoizpena eta ekoizpen hori merkaturatzea –kooperatiba bidez–. Oinarri horiek lankidetzaren azken helburuak lortzeko bidea ezarriko lukete: herri bakoitzaren autosustentua –kanpokoen menpekotasunik ez– eta autokudeaketa –bere burua gobernatu–.


Nekazal proiektua 2007ko irailean hasi zuen Hiruatxek eta 100.000 euroko konpromisoa hartu zuen orduan. Dagoeneko 70.000 euro batu ditu, eta gainerakoa 2009ko ekaina bitartean batu gura du kolaboratzaile eta herritarren laguntzarekin. Horretarako kontuak zabalik dituzte Kutxan eta Euskadiko Kutxan.

Berbaldia urtarrilaren 7an

Proiektuaren gaineko berriak bertatik bertara jakiteko aukera izango dute gainera herritarrek. Ekuatore Ginean lanean dabiltzan Laura Darphin eta Jonathan Domarle lankide boluntario diren nekazal injineruak etorriko dira urtarrilaren 7an, eguaztena, Arkupe kultura etxera (19:30). Nekazal proiektuaren gaineko berriak ekarriko dituzte eta herritarren galderak erantzun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak