Bi saihesbideri eta betiko errepideari eragingo die biribilgune berriak

Leire Kortabarria 2009ko aza. 26a, 12:51
Bai GI-627 saihesbidetik, bai Arrasate eta Aretxabaleta arteko eskualde-errepidetik, bai bi horien arteko bidegorritik ibiltzen direnek ikusi dute dagoeneko Arrasate eta Aretxabaleta arteko mugan obratan dabiltzala. Izan ere, hiru bide horiei eragingo die han egingo duten biribilguneak. Ez horiei bakarrik, baita Arrasateko mendebaldeko saihesbidea izango denari –Olandixoko tunela– ere, horren ondorioa da-eta honako biribilgunea: saihesbide horretatik etorriko den zirkulazioa ere hartuko du biribilguneak.

Orain, aurrelanak egiten dabiltza, Deba ibai inguruan, hainbat azpiegitura lekuz aldatu beharra dagoelako biribilgunea eraikitzen hasi aurretik. Lanak urrian hasi ziren, eta goi tentsioko argindar lerroa eta hondakin-uren sareko azpiegiturak (Eskoriatzatik datozen urak jasotzen dituen kolektorea, funtsean) lekuz aldatzen dihardute oraindik. Horren ondoren, ibaiaren gaineko bi zubi egingo dituzte, eta azkenik, biribilgunea bera.
Lanak Foru Aldundia egiten dabil, 1,9 milioi euroko aurrekontuarekin. 2010eko uztail ingururako bukatuta edo bukatzeko bidean egotea espero dute arduradunek.  

Bi zubi

Biribilguneak zenbait berezitasun ditu. "Elorregiko biribilgunearen antzekoa izango da, baina handiagoa, 80 metroko diametroarekin", azaltzen du udal aparejadoreak, Jose Mari Segoviak. "Arrasate eta Aretxabaleta arteko eskualde-errepidearen kota igo egingo da; eta biribilguneak bi zubi izango ditu Deba ibaiaren gainetik, Elorregin gertatzen den moduan. Arrasate-Aretxabaleta bidegorri zatia biribilgunearen azpitik pasatuko da. Era berean, GI-627 saihesbidearen trazatua pixka bat mugitu egingo da, biribilgunean sar dadin". Bai gaur egungo zein saihesbide berriko, bai bi herrion arteko errepide zaharreko zirkulazioa biribilgunetik pasatuko da ezinbestean, hortaz, eta horrek beste ondorio –on– bat izango du: abiadura murriztu egin beharko dutela gidariek.

Biribilgune berriak honako zentzuetan bideratuko du zirkulazioa: Arrasatera edo Aretxabaletara, ohiko errepidetik; Arrasatera, Olandixoko saihesbidetik; eta Gasteiz edo Donostia aldera, GI-627 saihesbidetik.

Hasierako asmoak aldatu

Foru Aldundiak entzun egin ditu Arrasateko eta Aretxabaletako udalek egindako iradokizunak: "Hasierako proiektuak aurreikusten zuen biribilgune txikiagoa, eskualde-errepideari bakarrik eragiten ziona. Guk Aldundiari esan genion hori gutxiegi izango zela Garagartzatik etorriko den zirkulazioa hartzeko, eta Arrasate mendebaldeko saihesbidean auto-ilara handiak sortzeko arriskua egongo zela. Hala, azkenean, proiektua aldatu zuten eta biribilgune handia egingo dute, oraingo saihesbidea ere hartzen duena", azaltzen du Jose Mari Segoviak.

Aipatzekoa da ere, gidarien eta bidegorria erabiltzen dutenen lasaitasunerako, eragindako bideetako zirkulazioa ez dutela behin ere etengo obrek irauten duten bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak