Berdintasun Plana ikusgai dago iradokizunak egiteko

Mirari Altube Arrese 2009ko eka. 26a, 11:47
Aretxabaletako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana egin du Udalak. Ikusgai jarri du orain –webgunean: www.aretxabaleta.com eta liburutegian– eta 15 egun dituzte herritarrek hobekuntza proposamenak egin eta iradokizunak aurkezteko. Halakorik egin ezean uztaileko osoko bilkuran onartuko dute.

Murgibe enpresa ibili da Berdintasun Plana bideratzen eta Udaleko arlo guztietako arduradun politiko eta teknikarien inplikazioa izan du, baita herritarrak ordezkatzen dituzten erakundeen partaidetza ere. Eta plana garatuko duten arloak zehaztu dituzte: Udala; Euskara, Kultura eta Kirola; Hezkuntza; Lana; Gizarteratzea eta Osasuna; eta Hirigintza eta Ingurumena. Plana garatu eta aurrera eroateko 18.000 euro bideratu ditu Udalak.

Udal teknikariak ikasten

Plana 2009-2012 artean garatuko dute eta arlo bakoitzerako helburuak zehaztu dituzte. Helburu horiek lortzeko zein ekintza egin behar dituzten jaso dute; baita egutegia egin ere, ekintzok betetzen joan daitezen. 


Dagoeneko hasi dira plana abian jartzen. Joan zen astean Udal langileek lau egunetako ikastaroa izan zuten: planaren berri eman, jeneroa errespetatuta zuzen idazten ikasi, Emakundek dioena jakinarazi… Eta beste hainbat ekintzek emango diote jarraipena, tartean Emakume eta Gizonen berdintasunerako Udal ordenantza osatzea.
Euskara, Kultura eta Kirol arloari dagokion ekintza gehienak datorren urtetik aurrera egingo dituzte, baina asmoa da kultur eta kirol arduradunei eta teknikariei jeneroaren arloko formazioa aurten ematea. Jenero indarkeriaren kontrako baloreak transmititzeko guneak ere sortu gura dituzte.

Hezkuntza eta gizarteratzea

Hezkuntza arloan, ostera, aurten hasiko dira lanean ikastetxeetan, ludotekan eta gaztelekuan. Helburuen artean daude: ikastetxeak jabearaztea hezkidetza euren programetan sartzeko; eta erantzukidetasuna handitzea etxeko lanean eta umeak zaintzeko lanean.

Lan arloan ere eragin gura dute, hona helburu batzuk: herriko emakumeak lanean jarduteko aukerak eta lanaren kalitatea hobetzea; eta bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzeko baldintzak sortzea.


Gizarteratze eta osasunari dagokion asmoen artean daude, baztertuak izateko arriskua duten emakumeen egoera hobetzea eta herriko ginekologia zerbitzua hobetzea. Eta hirigintza arloan gura dute emakumeak seguru sentitzen ez diren herriko tokiak identifikatu eta desagerraraztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak