Ez dira toki gutxitan ospatzen San Migelak Debagoienean, baina, Aretxabaletan besteko jai girorik ez dugu aurkitu beste inon asteburuan. Batzuek Andramari jaiekin nahikoa ez, eta beste askok abuztuan oporretan irteteko aprobetxatzen dutenez, San Migel jaiak sutsuki bizi dituzte aretxabaletarrek.
Egubakoitz arratsaldean hasi zen Aretxabaleta jai giroan murgiltzen. Erretiratuendako eta umeendako ekintzekin hasi ziren jaiak. Erretiratuentzat luntxa eta dantzaldia egin zituzten Basotxo elkartean. Bien bitartean Puzgarriez gozatu zuten herriko umeek, izan ere Durana kalea jolastoki probisional bilakatu zuten.
Iaz ez bezala, bertso jaialdia egubakoitzean egin zuten Arkupe Kultur Etxean; hain zuzen ere, iaz domekan egin zuten bertso jaialdia, eta jende gutxi bertaratu zela ikusita, aurten egubakoitzean egitea pentsatu zuten. Baina, aurreikuspen guztien kontra, aurten ere oso jende gutxi joan zen Sebastian Lizaso, Jon Maia, Onintza Enbeita eta Jokin Labaienen bertso jaialdia ikustera. Gauean kontzertuen txanda izan zen, eta arrazoi desberdinak tarteko, Scam eta Crisis taldeek ez zuten jotzerik izan. Denial eta Inalectric taldeek eskaini zuten kontzertua.
Euskal Herriko artisauak
Zapatuko artisau feria eta XV. Azoka biologikoak ikusmin handia piztu zuen ohi bezala. Guztira 50 artisau postuk –iaz baino 15 gehiago– ipini zituzten euren produktuak Durana kalean eta herriko plazan. Euskal Herriko artisauak ziren Aretxabaletara gerturatu zirenak; horien artean, iparraldetik, eta nafarroatik etorriak, eta tartean aretxabaletarrik ere bai. Denetariko produktuak zeuden; baserrikoak, bitxiak, jostailuak, zapiak... Jende asko hurbildu zen feriara, Zubietako Zanpantzarrek eta Leizarra musika eskolako trikitilariek kaleak girotzen zituzten bitartean.
Arratsaldean izan zen Debagoieneko III. Jardunaldi gastronomikoen aurkezpena herriko plazan; bertan, Debagoieneko hainbat jatetxek –hala nola, Gatzagako Soran Etxeak, edota Basterralde eta Lasa jatetxeak– egindako pintxoak banatu zituzten, eta halakoetan ohikoa den moduan, herritar asko joan zen pintxoak dastatzera. Gauean, berriz, Baleike musika taldeak izan zuen herritarrak dantzan ipintzeko ardura, eta baita lortu ere.
Domekan ere etenik ez
Biharamunak biharamun, domekan ere ez zuten hutsik egin aretxabaletarrek. Goizean herriko plazan egin zuten herri kirolen erakustaldian jende dezente bildu zen. Arratsaldean izan zen Mus eta Xake txapelketen txanda. Lehenengoan, 32 taldek hartu zuten parte, eta bigarrenean, aldiz, 16 urtetik beherako 10 taldek. Arrakasta handia izan zuen beste ekintzetako bat izan zen, atzo iluntzean herriko plazan Benito Lertxundiren omenez egin zuten kontzertua. Aretxabaleta Abesbatzak Leizarra musika eskolaren laguntza izan zuen.
Atxiloketek giroa nahastu
Baina, dena ez da jaia izan asteburuan Aretxabaletan, izan ere, zapatuko herri bazkariaren aurretik Ertzaintzak lau pertsona atxilotu zituen, eta horrek kezka, haserrea eta ezinegona piztu zituen aretxabaletar askorengan.