Aretxabaleta Abesbatzak DVDan bilduko du 30 urteko ibilbidea

Mireia Bikuña 2010ko urt. 21a, 17:04
Argazki zaharrak eta taldeko kideen hitzak batuko dituzte. DVDa ekainerako kaleratu gura dute. Bestalde, Nemesio Otaño jesuitaren kantuekin diskoa grabatuko dute Azkoitiako parrokian.

Aretxabaleta Abesbatzak 1979. urtean egin zuen lehen emanaldia San Jose eguneko meza nagusian. Gizonezko ahotsek osatzen zuten taldea. Ordutik 30 urte pasa dira, eta horrekin batera, mila istorio. Horiek guztiak batuko dituzte 30. urteurreneko DVDan.
Uztailean egin zuten dirulaguntza eskaera Foru Aldundian, eta orain jaso dute baieztapena. Lanean hasi dira dagoeneko. Abesbatzaren argazki zaharrak batu dituzte. Era berean, protagonisten hitzak jasoko dituzte. Ekainerako aurkeztu gura dute. "Lan gogorra dugu aurretik, baina merezi du. Epeak betetzen baditugu, ekainean aurkeztuko dugu DVD Aretxabaletan egingo dugun kontzertuan", esan digu taldeko zuzendari Angel Barandiaranek.

Diskoa azkoitian

Baina, uda aurretik beste lan batekin ibiliko dira buru-belarri. Ez dauka 30. urteurrenarekin zerikusirik, baina diskoa grabatuko dute. "Jesuitek egindako eskaerari erantzunez Nemesio Otaño konpositore azkoitiarraren kantuak grabatuko ditugu. Kasualitatez, abesbatzaren 30. urteurrenarekin aldi berean gertatu da", dio Barandiaranek.
Diskoa maiatzean grabatzen hasiko dira Azkoitiako parrokian, eta Otañoren kantuez gain, Felix Zabala eta Jose Ignacio Prieto jesuiten piezak grabatuko dituzte. Massana italiarraren kantu bat ere abestuko dute. Era berean, Jose Luis Francesena organo-jotzaileak parte hartuko du diskoaren grabazioan.

Vaticanoan

Aretxabaleta Abesbatzak txapelketa askotan parte hartu zuen hasierako urteetan. Tolosako Nazioarteko Txapelketan bost aldiz lehiatu zen, eta guztietan jaso zituen sariak; besteak beste, 1985ean eta 1987an urrezko domina jaso zuten gregoriano estiloan. Bestalde, 1988an lehen saria jaso zuten San Vicente de la Barquerako (Kantabria) txapelketan.
AEBetan, Frantzian eta Italian birak egin zituzten. 1986. urtean Vaticanon abestu zuten, eta Joan Pablo II. aita santuak harrera egin zien. "Damaso Zuazua aretxabaletarraren bitartez joan ginen. Cassimiriren meza abestu genuen bost ahots mistoekin. Elizkizunaren bukaeran txalo zaparrada jaso genuen. Gu izan ginen Vaticanon abestu duen lehen euskal abesbatza. Oso harro gaude", dio Barandiaranek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak