Aralarrek ez dituela gobernuan gura dio Eusko Abertzale Ekintzak

Mirari Altube Arrese 2007ko aza. 8a, 11:44
Idatzia banatu du Eusko Abertzale Ekintzak etxe guztietara, eta prentsaurrekoa egingo du zapatuan. Udal hauteskunde osteko kontuak azaldu gura die herritarrei, eta Udal gobernuan ez sartzearen arrazoiak eman.

Eusko Abertzale Ekintzako zinegotzi taldeak zera gogorarazi gura die herritarrei, egoera larria bizi izan zela hauteskundeetan legez kanpo geratutako zerrenda izan zelako boto gehien lortutakoa. Bigarren indar izan zen Aralarrek Udal gobernuan ez ezik alkatetza eskuratzeko eskaintza egin ziola EAEri ere gogorarazi dute. Bost hilabetetan, baina, asko aldatu direla kontuak diote, eta "gure presentzia gobernuan ezinezko bihurtzen duen beste jarrera bateraino joan da".


Aralar, EA eta EAEk egindako lehen bileran, lehenengo bi alderdien artean adostutako idatzia aurkeztu zutela diote, eta alkatetza Aralarrek hartzea zela aukera bakarra. "Gero, Loreg legearen 182. artikulua –gure ordezkaritza ofiziala bermatzen duena– aplikatzeko zalantzak agertu ziguten", gaineratu dute. Urriaren 18an jakin zuten Aralarren azken erabakiaren berri: "Onartzen zuten artikulua aplikatzea, baina baldintza batzuekin". Azaldu dute lau direla baldintzok: zinegotzi kargua hartzen duen pertsona ez egon izana legez kanpo utzitako zerrendaren baten; Aralarren esku uztea kargua, eta eskatutakoan dimisioa aurkeztea; edozein jazarpen edo biolentzia ekintzarekiko kontrakotasuna agertzea; eta EAEren parte hartzea sekretupean eramatea. "Berba gutxitan esanda, alderdien legearen aplikazioa", diote EAEko zinegotziek, eta gaineratu: "Garbi dago Aralarrek ez digula ordezkaritza utzi nahi, eta proposatzen duena partikular batekin egin beharreko kontratua dela".

Konfiantza galdu

Aralarren diskurtsoan aldaketa handiak egon direla azken hilabeteotan azaldu dute. EAEko zinegotziek diote badakitela Udalean parte har dezaketela ordezkaritza ofizialik izan barik ere, baina "Aralarren jarri genuen konfiantza galdu egin dugu". Eta hori horrela, ezin direla eurekin gobernuan egon diote. Eta berriro gogorarazi gura izan dute 839 aretxabaletarren ahotsa isiltzen dabiltzala, eta Udala legezkoa izango dela, baina inolaz ez demokratikoa: "Aretxabaletarron borondatearen errespetua exijitzen ezin dugu etsi. Ez eta gure herriaren aldeko lanean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak