Anbulatorioak betiko lekuan jarraitu beharko du 2011ra arte gutxienez

Leire Kortabarria 2010ko mai. 26a, 19:11

Anbulatorioko eta Udaleko arduradunek laguntza eskatu diote Osakidetzari, herriko osasun zerbitzuek daukaten leku eta azpiegitura arazoak konpontzeko, baina Osakidetzak orain arte erantzunik eman ez duen, aurreikusten da zein izango den, azkenean: gerrikoa estutzea, eta gutxienez 2011. urtera arte anbulatorioak dagoenetan jarraitzea.

Osasun etxeak hainbat gabezia ditu: orain 28 urte egin zutenetik, ez da lekuz aldatu, eta, garai baten egokia bazen ere, orain, herriko populazioa handitu egin denez eta premia gehiago daudenez, eskas geratu da. Bertako ekipamendua ere "zaharkituta eta txikiegi" gelditu da, Inaxio Garro alkatearen esanetan. 

Arazoak konpontzen joan dira arduradunak, ahal izan duten moduan, baina konponbideak ez dira beti Osakidetzaren gustukoak izan: "Emaginak beste bulego baten dauka bere kontsultategia; bestalde, erditze aurreko eta ondorengoko gimnasiak beste egoitza batera eraman behar izan ziren. Osakidetzak ez ei du begi onez ikusten zerbitzu batzuk anbulatoriotik kanpo ematea, eta esan zigun zentroko arduradunak bere gain hartu beharko zituela gerta zitezkeen gorabeherak. Baina Osakidetzak berak ez digu beste konponbiderik proposatu", esaten du Inaxio Garrok.

 

"Ea datorren urtean…"

Aretxabaletako osasun arduradunen eta Udalaren eskutik etorri da proposamen bat: joan den ekainean hutsik geratu den nagusien egoitza zena –hain justu anbulatorioaren ondoan dagoena, biak Errekabarren kalean– Osakidetzaren esku uztea, eta horrek bere gain hartzea eraikin hura osasun zentro gisa egokitzeko beharko liratekeen obrak. Proposamen hori Aretxabaletako osasun zentroko arduradunek egin zioten Udalari, eta Udalak Osakidetzako zuzendaritzari planteatu zion orain dela aste batzuk. "Oraindik ez dugu erantzunik jaso", esaten du alkateak.

Erantzun falta horrek zerikusi handia izan dezake krisi ekonomikoarekin. Osakidetzako Gipuzkoa Mendebaldeko Ekonomia zuzendari Aldo Gorosabelek honela diosku: "Egoera oso-oso txarra da, eta ez dago inbertsioetarako dirurik. Pentsa: guk Gasteizera bidali ditugun bederatzi eskaera daude erantzuteko zain. Gainera, urtero eskaera bakarra onartzen digute. Osakidetzak ez dauka inbertsioetarako dirurik, momentu honetan".
Gorosabelek bertatik bertara ezagutzen du Aretxabaletako kasua, eta Urats-Gain ere ezagutu du: "Proposatzen den eraikina kanpoaldetik ondo dago, eta barrutik obra egin behar da. Guk bidali diogu Osakidetzako zuzendaritzari txostena, esaten ze behar dagoen, ze txoko egokitu beharko litzatekeen, zenbat jenderendako… Eraikin alternatiboan, tokia badago, hori ziur". Edozein modutan, Mendebalde zonako Ekonomia zuzendaria ezkorra da: "Zain gaude. Ea datorren urtean zelako egoera dagoen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak