Airearen kalitatea neurtzeko furgoneta Markolen jarriko dute

Mirari Altube Arrese 2007ko uzt. 19a, 13:28
Hilabete inguru egin du airearen kutsadura neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako furgonetak Iralabarri plaza parean. Astelehenean kendu zuten bertatik eta Markole auzora eroango dute datozen egunotan.

Markole auzoko bizilagunek eskatuta jarri zuten udaberrian furgoneta. Izan ere, Markolen bizi diren 400 familietatik, gehienek –batzuk gehiago kokapenagatik– ke izugarria eta usain txarra jasan behar izaten dute, batez ere hego haizea dabilenean. Komisioa osatu zuten bizilagunek jarraipena egiteko arazoari, eta urtarril inguruan Ederlan lantegiko batzordearekin jarri ziren harremanetan. "Batzarra egin genuen hamabost egunera, eta harrituta utzi gintuzten, benetan arduratuta daudelako lantegian ere arazoarekin", adierazi digu Martxi Perez bizilagunak. Esan zieten legearen barruan egiten dutela lan, eta iragazki egokiak erabiltzen dituztela kearendako; hala ere, ulertzen zutela bizilagunen kezka, eta iragazki hobeak baleude erabiliko lituzketela. "Ez dugu zalantzan jartzen legea betetzen dutenik, baina garbi dago legea betetzea eta bizitzeko jasangarria izatea ez datozela bat".


Arazoa da injekzioa aluminioan egiten duen lantegitik 70 bat metrora dagoela Markole auzoa, hau da, oso gertu. Eta gainera, azken urteotan asko hazi da lantegiaren produkzioa, %120 baino gehiago: "Eta proportzio berean isurtzen ditu ke zikinak, noski", dio Perezek.


Hego haizearen zain
Futbol zelai parean egon zen maiatzean datuak jasotzen dituen furgoneta. Hilabete inguru egin zuen, baina ipar haizea ibili zen tarte hartan eta furgonetak ez zuen ke arrastorik hartu: "Datuak ez zirela adierazgarriak uste dugu, jasotako ke eta zikinkerien kontzentrazioa hego haizeak jotzen duenean baino askoz txikiagoa izan zelako". Furgoneta Iralabarri plazara aldatu zuten orduan eta astelehena arte egon da. Baina berriro itzultzeko Markolera eskatu zuten bizilagunek, eta onartu egin zien Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. "Gainera, ke horrek zein partikula edo kutsadura mota botatzen duen eta osasunerako kaltegarria den jakin gura dugu", argitu digu Perezek. Hortaz, hurbiletik egingo diote jarraipena arazoari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak