18 urte bete ditu hil honetan Aretxabaletako Al-Anon taldeak

Mirari Altube Arrese 2008ko aza. 21a, 12:09
Alkoholikoen lagun eta senideei laguntzea helburu duen taldea da Al-Anon. Gipuzkoan 17 daude, horietatik hiru Debagoienean: Bergaran, Arrasaten eta Aretxabaletan. Hil honetan bertan bete ditu 18 urte.

1990ean sortu zuten Aretxabaletakoa, sasoi hartan Eskoriatzan zegoen taldera aretxabaletar asko joaten zirelako, eta hil honetan bertan bete dituzte 18 urte. Orduko jendetzarik –14 lagun inguru– ez da elkartzen orain, baina taldeak lanean jarraitzen du, eta alkoholarekin arazoak dituztenen senideei laguntzeko gertu daude. Astelehenetan elkartzen dira (20:00) Iralabarri plazako lokal baten.

Itxaropena eta bakea

Alkoholiko batekin bizi direnek itxaropena eta bakea lortzea du helburu Al-Anonek. Horregatik elkartzen dira taldean: bizipenak kontatzeko, elkarri indarra emateko eta badagoela itxaropena jakinarazteko. Taldeek ez dute gidaririk, ezta aholkulari profesionalik ere; eurendako gertatutako literatura erabiltzen dute, bizipenetan oinarritutakoa.

Gipuzkoako hainbat herritako kideak izan dira gurean urteurrenaren kontura, eta Al-Anonen sartu ostean bizitza zelan aldatu zitzaien azaldu digute. Alkoholismoa gaixotasun gogorra dela jakinarazi dute eta etxe barruan sufritzen dena "inor konturatu ez dadin". Gainera, ingurukoak ere berarekin eroaten dituela zulora diote: "Alkoholismoa gaixotasuna dela ulertzea ez da batere samurra. Taldean sartu nintzenean ulertu nuen, eta gero onartu. Eta orduan hasi nintzen nire ikuspegia eta jokaera aldatzen. Taldean egiten dugun lana bizitzarako filosofia dela esango nuke".

Anonimotasunean lan egin

Al-Anoneko kideek anonimotasunean egiten dute lan, baina ez dute ezer ezkutatzeko: ez da sekta, ez dago erlijiorik, ez dute gidaririk, eta ez dago bazkidetzarik. Gura dutenean parte har dezakete taldean eta gura dutenean utzi. Gainera, ez dauka inolako loturarik Alkoholiko Anonimoen taldearekin. Nork bere bideari jarraitzen dio, eta alkoholarekin arazoak dituena ez da derrigor Alkoholiko Anonimoen taldean egon behar senidea Al-Anonen sartzeko. Gipuzkoko egoitza Donostian dago, eta argibide gehiago gura izanez gero hona Gipuzkoako arduradunen zenbakia: 650 26 59 63. Webgunea ere badu: www.al-anonespana.org.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak