140 lagun elkartu ziren Aretxabaletan Atzegi eguna ospatzeko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko eka. 1a, 19:21
Debagoieneko Atzegiko familiek Atzegi eguna ospatu zuten zapatuan Aretxabaletan. Guztira, 140 lagun elkartu ziren. Jokin Antxiaren ongi etorriak eman zion hasiera zapatuko jaiari.

Kurtzebarri eskolan elkartu ziren Atzegiko kideak eta lagunak; tartean zeuden, Iñaki Garro Aretxabaletako alkatea eta Josean Idoeta Atzegiko presidentea.
   

Bederatzigarren aldia

"2.000. urtean hasi ginen Atzegi eguna ospatzen; Atzegiren 40. urteurrenean, hain zuzen. Urte hartan Eskoriatzan ospatu zen jaia; gerora, ibarreko herri guztietan egin izan dugu", azaldu zuen Antxiak.
Ondoren, Garro alkateak hartu zuen berba. "Joan den astean uholde txiki bat izan genuen herrian; nire nahia, gaur beste uholde bat izatea da. Baina, umore, alaitasun eta jai uholdea", esan zuen.
Aurkezpenak amaitutakoan II. Atzegi Laburmetrai lehiaketan sarituak izan diren Tariro-Tariro eta Amapolia filmak jarri zituzten. Tariro-Tariro Bergarako eta Arrasateko Txolarte taldeak egin du eta lehiaketako bigarren saria irabazi du. Gainera, Jose Javier Elgero bergararrak aktore onenaren saria irabazi du. Zapatuan, Kurtzebarrin elkartutakoen txalo zaparrada jaso zuen Elgerok egindako lanagatik.
Soinu arazoak tarteko, Amapolia filma entzuteko aukerarik ez zen egon zapatuan; bai, ordea, ikusteko. Han zeuden barre algaren artean, txalo ugari jaso zituen Aretxabaletako Aratz elkarteak egindako lanak. Lehiaketan lehenengo saria irabazi du Amapoliak.
   

Bazkaria pilotalekuan

Arratsaldeko 2etan puntuan hasi ziren bazkaltzen; menestra, okela gisatua eta postrea izan zuten. Bazkalondoren, musika lagun, dantza egin zuten 6ak arte. "Lagunekin egon eta ondo pasatzeko eguna da gaurkoa", esan zuen Antxiak.
   

Neba-arreben lana

Antxiak azpimarratu zuen, Debagoieneko Atzegi elkartean urritasuna dutenen neba-arrebak dabiltzala lanean -ohikoena gurasoak izatea da-. Hala, horien konpromisoa azpimarratu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak