Bizigune programa sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Udalak

Mirari Altube Arrese 2005ko aza. 10a, 11:16
Eguaztenean, azaroak 9, herrian izan zen Javier Madrazo sailburua Bizigune programa sinatzeko Udalarekin. Hutsik dauden etxebizitzak aprobetxatzea du helburu Bizigunek, eta Aretxabaletan 60 inguru daude. Era berean, etxebizitza beharra duten herritarrei prezio onean eskainiko diete.

Eusko Jaurlaritzak bideratzen du hutsik dauden etxebizitzak errentan emateko Bizigune programa eta Javier Madrazo sailburua izan zen azaroaren 9an egindako sinadura ekitaldian. Hitzarmena Udalarekin egin zuen eta Arritxu Oliden alkateak sinatu zuen Udalaren izenean. Suradesako gerente den Luis Laskurainek ere ezarri zuen sinadura Suradesaren bitartez egingo duelako lan Udalak.

Jabe eta maizterren artean

Hutsik dauden etxebizitzak erabili gura ditu Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitza eskaera arintzeko. Hala, hutsik dauden etxebizitzak errentan ematen dizkiete etxebizitza beharrean daudenei. Jabeek 560 euro inguru jasotzen ditu, eta errentan hartu dutenek 235 euro bataz beste. Bien arteko aldea, ostera, Eusko Jaurlaritzak ordaintzen dio jabeari. “Eusko Jaurlaritza tartean dagoelako funtzionatzen du hain ondo programak” esan zuen Madrazok. Gainera, etxebizitzak zaharberritu gura dituenarendako laguntzak eskaintzen ditu Eusko Jaurlaritzak: 18.000 euroko mailegua interes barik itzuli beharrekoa.

Suradesaren bitartez

Dagoeneko 2.712 kontratu bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak Bizigune programaren bitartez. Eskoriatza, Arrasate eta Bergara sartuta daude Bizigunen eta orain Aretxabaleta sartuko da. Debagoienean, Suradesa erakundeak eroango du aurrera programa Udalek hala eskatuta, eta bera arduratuko da programaren berri emateaz. Aretxabaletako udaletxean eguenetan egoten da Suradesako teknikaria 12:00etatik 13:00etara.

Udalari jarritako baldintzak

Bizigune programa onartzen duten Udalei hainbat baldintza ezartzen die Eusko Jaurlaritzak. Hutsik dauden etxebizitzen gaineko errolda egin behar dute, eta Aretxabaletako Udalak 60 inguru daudela frogatu du erroldaren eta ur kontsumoaren bitartez. Programa bideratzeko teknikariak jartzea eta programaren berri emateko ardura ere Udalaren eskuetan uzten ditu eta Debagoienean Suradesak bideratuko du. Bukatzeko Udal zergak arintzea eskatzen die Udalei, eta Aretxabaletan badituzte hobari batzuk onartuta: ondasun higiezinen gaineko zergaren kasuan %50eko beherapena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak