Erromerian atera zuten Kanuto Deuna bere omenezko jaiegunean

Marijo Deogracias 2005ko urt. 24a, 10:30
Nork bere marihuana hazi eta kontsumitzeko eskubidea aldarrikatzeko sortu zen Kanuto Deuna eguna orain dela bost urte.

Marihuanaren erabilera terapeutikoa baimentzearen alde horrenbeste berba egiten den honetan, aretxabaletarrek marihuana hazi eta kontsumitzeko eskubidearen aldeko jaia ospatu dute bosgarrenez. Antolatzaileetariko batek zioen moduan, “kontua ez da aldarrikapena egitea; gurea gehiago da herriko jai bat egitea, herri ekimena bultzatzea eta, bide batez, inork belarra erre gura badu erre dezala!”.

Horixe izan zen zapatuan egin zutena Aretxabaletan: Kanuto Deunaren omenezko jaia. Goizean bolo txapelketa jokatu zen eta Aitorrek irabazi zuen txapela. “Hogeita hamar bat lagun aritu gara –esan zigun batek–, gazteak eta nagusiak; giro polita egon da; tamalez galtzen ari den ohitura da, baina ea denon artean bultzadatxoa ematen diegun boloei”.

Ehun bat lagun

Bazkarian 130 bat lagun batu ziren Arlutz ondoko lonjan, “antolakuntzan jardun zutenak baino gutxiago, baina zer egingo diogu”, esan zigun antolaketan jardundako batek. Giroa beroa eta goxoa zuten bazkalostean. Sarrerakoa, entsalada eta okela saltsan menuan; ardoa laguntzeko eta osterako “bagenuen pastela egiteko asmoa, baina hemen jende asko dago eta nor bere buruaren jabe izan ezean gurea da ardura”, azaldu ziguten.

Gonbidatu berezia

Kanuto Deunaren jaia baino lehen, aste barruan marihuanaren gaineko hitzaldia ere egin zuten. Martin Barriuso Pannagh elkarteko kideak hitz egin zuen eta zapatuan ere Aretxabaletan izan zen Barriuso. “Bost urte dela agindutako gonbita onartu dut azkenean. Oso giro polita dago eta horrelako ekimenak egokiak direla uste dut. San Kanuto jai askorik ez da egiten, eta ondo dago; atsegin dut jaiaren alde folklorikoa. Behingoagatik armairutik atera eta giro onean Kanuto Eguna ospatzeko aukera ematen du. Gainera, jendeak ondo erantzun duela iruditzen zait”, esan zigun Barriusok, giroan ke pixka bat genuela; usaina ere, zintzo izateko, gozoa!

Musika eta zozketa

Bazkalostean Iñaki Sagasti bakarlari aretxabaletarra igo zen taula gainera. Juan Luis Lekunberri ere animatu zen geroago. Arratsaldean Elektrotuna taldearekin batera atera zuten Kanuto Deuna kalejiran, eta ohiko bihurtzen ari den erreketa-poteoa egin zuten. Kanuto Deunaren eguna lagun talde baten lanerako gogoarekin antolatu dute. Udalak bazkarirako aulkiak eta mahaiak uzten dizkie, baina gastuei aurre egiteko autofinantzazioa behar izaten dute eta aurten txartelak saldu dituzte. Saria: snowboard taula eta belar poltsa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak