Gero eta aramaioar gehiago baserritar jantzita, erretiratuen omenezko herri osoaren festan

Jokin Bereziartua Lizarazu

Egutegian gorriz dute markatuta aramaioarrek urriko azken zapatua, Jubilatuen Eguna. Eguraldia lagun, aurten ganadua bueltan izan duen azoka bereziak, abesbatza, dantzek ez dute hutsik egin goizean zehar, herritar gehien biltzen den tartean. Aurten, gainera, dei berezia zuten eginda baserritar janzteko, eta aramaioar askok erantzun dute. 

Udala antolatzaile nagusi dela eta herriko eragileen parte-hartze zuzenarekin, primeran joan da Aramaioko Jubilatuen Eguna. Une gorena, ohi bezala, mezaren osteko Papargorri abesbatzaren eta Lagun Artean dantza taldearen emanaldiek eragin dute. "Urtero hartzen dugu parte, eta gozamena da. Herri ekimen bat eta herriaren parte gara; herri txikia gara eta ohitura gaude ekimenetan parte hartzera. Jubilatuen Egunean ia herriko elkarte guztiak irteten gara kalera", adierazi du Papargorriko zuzendari Larraitz Arriolabengoak. 

Lagun Artean dantza taldeko Leire Arrizabalaga ere oso harro dago Jubilatuen Egunean sortu ohi den giroaz, eta bereziki pozik dago dantza taldea "osasuntsu" dagoelako: "Urteak pasatu ahala gero eta indar handiago hasi da hartzen dantza taldea eta plaza horrela ikustea oso pozgarria da". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak