Baserritar jantzita herria girotzeko deia egin dute Aramaion, zapatuko Jubilatuen Egunerako

Amaia Txintxurreta Guridi

Zapatuan ospatuko dute Jubilatuen Eguna eta bertan egongo den azokan 59 postu izango dira: herriko 25 eta kanpoko 34. Eguneko berrikuntza nagusia izango da arratsaldean erromeria egongo dela plazan.

Jubilatuen Eguna egun guztirako ekintzekin beteta dator aurten.

Azokan 59 postu

Zapatuan, 11:00etatik 14:30era bitartean egongo da azoka, eta, guztira, 59 postu egongo dira: herriko 25 eta kanpoko 34. Herriko elkarteek eta herritarrek askotariko produktuak jarriko dituzte salgai: eskulanak, ortuko produktuak, eztia eta bestelakoak. Eskolako seigarren mailakoek ere postu berezia jarriko dute. Eta iaz, dermatosi nodularraren ondorioz animaliarik egon ez bazen ere, aurten ohiko moduan itzuliko dira azokara.

Meza, abesbatzak eta dantzak

12:00etan meza egingo dute, Bizente Goikoetxea abesbatzaren parte-hartzearekin. Ondoren, 13:00etan, Lagun Artean dantza taldearen erakustaldia izango da. Aurten gainera, inoiz baino parte-hartze handiagoarekin, izan ere, 100 lagun inguruk egingo dute dantza. Eta Papargorri abesbatzaren erakustaldia ere izango da. Ostean, Triki-kalejira taldearekin kalejira egingo dute herrian zehar.

Bazkaria eta omenaldia

Jubilatuen omenaldia ere izango da eguneko ardatzetako bat. Herriko emakume eta gizon nagusienei omenaldi berezia egingo diete, eta bazkarian zozketa ere egingo dute. Jubilatuen bazkaria 14:30ean izango da, eskolan. Urtero bezala, elkarrekin bazkaltzeko, solasean aritzeko eta giro onean egoteko aukera izango dute.

Jubilatuen Eguna adinekoei omenaldia egiteko sortu bazen ere, azokak gero eta garrantzi handiagoa hartu du. Hala, herritarrak eta bisitariak elkartzeko eguna ere bada: jubilatuek elkarrekin bazkaltzen dute, beste batzuek kuadrillan antolatzen dituzte bazkariak, eta azokak herriko ekoizle eta sortzaileen lana ezagutzeko aukera ematen du.

Erromeria, berrikuntza

Aurten, berrikuntza moduan, erromeria egingo dute arratsaldean. Herriko talde batzuek egindako proposamenari helduta antolatu dutela adierazi du Libe Ramila Kultura zinegotziak.

Bestetik, egunean parte hartuko duten taldeek herritarrei baserritarrez jantzita irteteko deia egin diete: "Gure aiton-amonek jantzirik onenak azoka egunetan ataraten zituzten moduan, animatu gaitezen gure baserritar traje ederrak janztera". Bideo bat argitaratu eta zabaldu dute gainera, herritarrak baserritar jantzita irten daitezen.

Zirkulazio mozketak egubakoitzetik

Trafikoan eragina izango du egunak. Etzi, egubakoitza, 09:00etatik aurrera, Nardeaga 30etik behera, postu batzuk jarriko dituzte, baina garajetarako eta atarietako sarrera-irteerak libre utziko dituzte eta trafikoa zabalik egongo da. Nardeaga 32tik 33ra, berriz, trafikoa moztuta egongo da, errepidean animalientzako hesiak jarriko dituztelako. Zapatuan, berriz, trafikoa moztuta egongo da Nardeaga kale guztian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak