Aramaioko Udalak A-3920 errepidea lehenbailehen irekitzea eskatu du

Amaia Txintxurreta Guridi

A-3920 errepidea itxita, atzo arratsaldean.

Untzilla eta Suña auzoetara iristeko errepidea maiatzaren 4tik dago itxita, eta Udalak adierazi du azken hilabeteotan obrak "geldirik" egon direla.

Aramaioko Udalak "kezka eta desadostasuna" agertu ditu A-3920 errepidearen itxierak eragindako egoeragatik. Untzilla, Suña eta Bolinburuko bizilagunei eragiten dizkien kalteak eta eragozpenak direla-eta, errepidea lehenbailehen irekitzea eta obrak berrabiarazteko neurriak hartzea eskatu die Arabako Foru Aldundiari, ADIFi eta OCISA enpresari.

Errepidea 2026ko maiatzaren 4tik dago itxita, bertan egin beharreko obren ondorioz. ADIF da lanen sustatzailea eta arduraduna, obrak Arabako Foru Aldundiaren errepideen arloko zuzendaritzapean egin behar dira, eta AFIFek OCISA enpresari esleitu zizkion lanak. Aramaioko Udalaren arabera, ordea, obrak ez dira hasieratik behar zen erritmoan egin, eta "azken hilabeteotan geldirik" egon dira.

Itxierak eguneroko joan-etorriak zaildu dizkie eragindako auzoetako bizilagunei. Gainera, trafikoa Aramaioko beste auzo batzuetatik bideratu behar izan dute, hala nola, Untzillatik, Zabolatik eta Azkoagatik, eta horrek zirkulazioa handitu du bide horietan, haien esanetan. Udalak ohartarazi du gainera, ibilgailuen joan-etorri handiagoak, bereziki kamioienak, bideen narriadura eta bide-segurtasuneko arriskuak areagotzen ari direla.

Lau eskaera

Hori dela eta, Udalak lau eskaera egin ditu: segurtasun baldintzak ahalbidetuta, errepidea lehenbailehen irekitzea; lanak berrabiarazi eta amaitzeko ardura hartzea; obren egutegi zehatza eta aurreikusitako epeak jakinaraztea, herritarrek egoeraren berri izan dezaten; eta ordezko ibilbideetan sortutako kalteak murrizteko neurriak hartzea.

Udalak herritarren mugikortasuna bermatzeko eta eragindako auzoetako eguneroko jarduna normaltasunera itzultzeko eskatu du.

Osoko bilkuran onartuta

Atzo, eguena, egindako osoko bilkuran Udal Gobernu taldeak onartu zuen A-3920 errepidearen itxieraren eta obren gelditasunaren aurrean, Udalak egindako adierazpena.

EAJ-tik adierazi zuten ados daudela errepidea lehenbailehen zabaltzea komeni dela, baina horren erantzukizuna Arabako Foru Aldundiarena ez dela argudiatuz, abstenitu egin ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak