Aramaioko Udalak Zuberoko bidea konpondu eta itxi du, baimendu gabeko autoak pasa ez daitezen

Koldo Zubia Salas

Zuberoko Jarindogoiti bidea konponduta eta bi aldeetatik itxita. Irudia: Aramaioko Udala. 

Aramaioko Udalak Kurtzetako gainetik Jarindoko bide nagusira doan Zuberoko Jarindogoiti izeneko bidea konpondu eta itxi du. Araba eta Gipuzkoako mugak bat egiten duten zatia da, zehazki, kaltetuta zegoena eta Asier Agirre alkateak salatu duenez, zati horretan "baimendu gabeko autoak" ibili izana da horren arrazoia. 

Bizikleta eta oinezko ugari igarotzen den bidea da Jarindogoitikoa, eta Agirrek azaldu duenez "guztiz hondatuta" zegoen bidea: Baimendu gabeko autoak askotan igaro dira bertatik; bidea hondatzen denean, ezin dira ez oinezkoak ezta bizikletak igaro".  Ondorioz, Aramaioko Udalak ia 20.000 euroko inbertsioa egin du, Zuberotik Kurtzetako errepidera doan bide bat konpontzeko, eta Jarindogoiti bidea konpondu eta harriekin ixteko. 

Aramaioko Alkateak jakinarazi du autoak Jarindogoititik igarotzea "debekatuta" dagoela, eta norbaitek bertatik igaro beharko balu, baimena eskatu beharko duela. "Arabako Foru Aldundiko arauak dioen bezala, autoren bat bertatik igarotzen harrapatu ezkero, isuna izango du", amaitu du Agirrek. 

Autoek hondatutako bidea, konpondu aurretik. Irudia: Aramaioko Udala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak