Aitor Ugarte: "Ilusioz nago munduko kilometro bertikal azkarrena den Suitzako Fully probarako"

Amaia Txintxurreta Guridi

Aitor Ugarte, Ikazkin Trail-en. (Argazkia: Julen Axpe).

Aitor Ugarte (Aramaio, 2002) mendi lasterkariak azken bi asteburuetan bi garaipen lortu ditu; azkena joan zen asteburuan Beriaingo Kilometro Bertikala irabazita. Erronka berria du orain.

Pozik zaude Beriaingo Kilometro Bertikaleko garaipenagatik?

Oso pozik nago, bai. 2019an egin nuen aurrenekoz lasterketa hori eta orduz geroztik ezin izan naiz itzuli, eta aurten baliatuta Kilometro Bertikaletako Euskal Herriko Koparen zirkuituan zegoen lasterketa bat zela, aitzaki perfektua izan da bueltatzeko eta kilometro bertikal mitiko horretan nire burua neurtzeko.

Nolakoa izan zen lasterketa zuretzat?

Kilometro bertikal denen moduan izan zen lasterketa agoniko bat niretzat. Hala eta guztiz ere, jakinik lehenengo bi kilometroak dezente korrikalariak zirela, nahiko kontserbadore jokatu nuen. Beraz, lehen bi kilometroetan erritmo erosoetan mugitu nintzen, eta jakinik desnibelaren zati nagusiena hurrengo bi kilometroetan metatzen zela, hor estutu nuen eta hor agortu nituen indar denak. Egia da helmugara, tontorrera, iritsi aurreko azken 600 metroak berriro desnibel gutxikoak eta korrikalariak zirela, eta akaso zati horretara beteta heldu nintzen, baina orokorrean pozik nago egin nuen lasterketako kudeaketarekin. Errendimenduaz aparte, polita izan zen ikustea zegoen jende guztia animatzen eta nire gertuko familia bertan izan nuen, orduan berezia izan zen haiekin partekatzea esperientzia.

Azken bi asteburutan podiumera igotzen zaren bigarren aldia da, Ikazkin Trailen ere irabazi zenuelako. Nola sentitzen zara?

Bai, egia esan sentitzen dut gauzak bere bidetik doazela. Udan zehar lan inportante bat egin dugu eta asmoa da negura begira orain intentsitatearekin hastea, orduan iraileko lasterketa batzuk baliatu ditugu prestakuntza horretan laguntzeko. Asmoa da irailean zehar eta urria hasieran, lau asteburutan, lau lasterketa egitea; Ikazkineko 15 kilometroko laburra eta Beriaingo kilometro bertikala izan dira lehenengo biak, eta emaitzaz haratago pozten nauena da gorputza erantzuten dabilela entrenamenduei, errendimendu onak ematen nabilela eta molestia gabe nabilela. Eta sentitzen dut gauzak planifikatu bezala eta bide onetik doazela, gero helburu potenteak hurbiltzen direnean, dena emateko.

Aurrera begira, ze erronka dituzu orain?

Esan moduan bi lasterketa gehiago egingo ditut korrikan, biak izango dira kilometro bertikalak. Asteburu honetan, bihar, zapatua, ilusio berezia egiten didan Fully-ko kilometro bertikala egingo dut, Suitzan. Munduko kilometro bertikal azkarrena da, bertan egin izan dira emakumezkoen eta gizonezkoen errekorrak, orduan norbere burua neurtzeko leku paregabea da. Dena den, penatxoa daukat aurten obra batzuk medio, lasterketa egokitu egin behar izan dutelako eta ez delako izango beti bezain laburra; ohiko kilometroak igo beharrean 1,9 kilometrotan, igoko dira 2,5 kilometrotan, orduan lasterketa zertxobait luzeagoa izango da eta denborak ez dira hain bikainak izango, baina azkenean lasterketa internazional bat da, eta maila handia egongo da. Ilusio handia egiten dit, beti eduki izan dudalako buruan lasterketa hori egitea eta aurten Euskal Federazioari begiratuta, aukera paregabea da erakusleiho moduan. Bestetik, dena ondo badoa horren ostean, Anbotoko kilometro bertikala egiteko asmoa daukat eta horrekin bukatuko litzateke Euskal Herriko Kilometro Bertikaletako Kopa. Gero, prestakuntza hori guztia dago bideratuta neguko mendi-eskiko lasterketetara, eta abendu erdialdetik aurrera asmoa da mendi-eskiko lasterketetan ahalik eta maila onena ematea.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak