Larrialdi Taldeak hasi ditu auzoz auzoko bisitak. Horietan egiten hasi direna da, ureztatze-ahoak eta hidranteak lokalizatu eta identifikatu, haien egoera egiaztatu, suteen aurkako materialaren inbentarioa osatu eta baliabide horiek behar bezala erabiltzen erakusten diete herritarrei. Horrez gain, larrialdi egoera baten aurrean nola jokatu azaldu eta auzotarrak prestatzea ere bada egitasmoaren helburu nagusietako bat.
Lehenak, Arragan eta Gantzagan
Lehen bisitak uztailaren 23an egin zituzten Arraga eta Gantzaga auzoetan. Udalaren arabera, auzotarrek oso harrera ona egin diote ekimenari, eta hasieratik laguntzeko prestutasun handia erakutsi dute.
Hurrengoa, Uribarrin
Lehen saioen balorazioa positiboa izan dela nabarmendu du Udalak, eta dagoeneko gainerako auzoetara egingo dituzten bisiten egutegia prestatzen ari da. Hurrengo hitzordua uztailaren 31n izango da, Uribarri auzoan.