Herriko lehen Pala Txapelketako finalak jokatuko dituzte bihar

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko ekainaren 4a

Pala txapelketako hainbat parte-hartzaile, frontoian.

Hamazortzi bikotek parte hartu duten Aramaioko lehen Pala Txapelketa amaituko da bihar, egubakoitza, kanpoko frontoian bi final jokatuta. Jardunaldia 18:30ean hasiko da, eta ostean, elkarrekin afalduko dute.

Lehen Pala Txapelketako finalak jokatuko dituzte bihar, egubakoitza. 18:30ean hasiko dira kontsolazio-finalarekin. Jon Ander Eriz eta Maialen Ballina arituko dira Ekaitz Gredillaren eta Julen Agirreren aurka. Bi bikote horiek ligaxkan ere elkarren aurka jokatu zuten, eta partidu oso estua izan zuten: 25-24 nagusitu ziren Eriz eta Ballina. Beraz, ikusi egin beharko da zer gertatzen den finalean.

Ondoren jokatuko dute final nagusia: Mikel Aspe eta Jon Herrarte lehiatuko dira Xabi Errastiren eta Markel Arriolabengoaren aurka lehen aldiko txapela eskuratzeko.

Antolatzaileek espero dute herritarrak ere joango direla finaleko parte-hartzaileak animatzera eta pala ikuskizunaz gozatzera.

Gero, afaria elkarrekin

Finalen ostean, 22:30ean, elkarrekin afalduko dute, udaletxe azpian. Anboto tabernak prestatu eta zerbitzatuko du afaria, eta antolatzaileak oso eskertuta daude txapelketan parte hartu eta hari babesa adierazi dioten guztiekin. Euren asmoa da aurrerantzean horrelako bi txapelketa antolatzea urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak