Lehen Pala Txapelketa arrakastatsua egiten dabiltza Aramaion, herritar batzuen ekimenez

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko maiatzaren 28a

Gorka Ezkurra, Jon Errasti, Edorta Bolinaga, Jon Ander Eriz eta Maialen Ballina parte-hartzaileak, frontoian.

Finala ekainaren 5ean izango da, eta hamazortzi bikote parte-hartzaile daude txapelketan. Antolatzaileak oso pozik daude txapelketak herrian izan duen harrerarekin.

Aramaion Pala Txapelketa antolatu dute, lehen aldiz, herriko hiru lagunek: Edorta Bolinagak, Ibon Larrañagak eta Jon Ander Erizek. Aste Santu ostean abiatu zuten egitasmoa, herrian palan jokatzen zuen jendea elkartu eta giroa sustatzeko asmoz, baina hasieran espero zutena baino askoz harrera handiagoa izan du txapelketak.

Edorta Bolinagaren esanetan, ideia modu naturalean sortu zen: "Lagun batekin elkartu nintzen, ikusita hari palan jokatzea gustatzen zitzaiola eta niri ere bai, eta, jakinda Aramaion jende dezentek jokatzen duela palan, batez ere gazteek, pentsatu genuen txapelketa bat antolatzea, jendea ezagutzeko eta denon artean jokatzeko asmoarekin".

Izen-ematea zabaldu zutenean, ordea, ez zuten espero halako erantzunik: hamazortzi bikotek eman dute izena. "Pentsatzen genuen bikote batzuek parte hartuko zutela, baina ez horrenbestek. Adibidez, Pilota Txapelketan sei bikote ibiltzen dira, normalean, eta palan jende asko animatu da", esan du Bolinagak.

Askotariko parte-hartzaileak

Parte-hartzaileen artean askotariko profiletakoak daude: 20-25 urte inguruko gazteak, 40 urtetik gorakoak, urte askoan palarik hartu gabe egon direnak eta ia astero jokatzen dutenak elkartu dira txapelketan. Gainera, bikote misto bat eta nesken bikote bat ere badaude. Antolatzailearen ustez, hori "oso positiboa" izan da: "Gogotsu hartu dugun zerbait da, eta jarraipena eman nahi diogu".

Txapelketa

Txapelketak ligaxka eta kanporaketa formatua izan du. Lau talde osatu dituzte, eta lehen kanporaketa galdu dutenentzat "kontsolazio-fasea" antolatu dute. Horrela, bi final jokatuko dituzte ekainaren 5ean: bata, txapeldunen fasekoa; eta bestea, kontsolazio-fasekoa.

Partiduak, gehienbat, kanpoko frontoian jokatu dituzte, nahiz eta eguraldi txarra egin duenetan barruko frontoia ere erabili behar izan duten. Astean partidu bana jokatu dute bikoteek, eta herrian giro polita sortu dela diote antolatzaileek. "Partidu guztietan egon dira bost edo hamar lagun ikusten. Herriko gauza bat da, eta beti dago pike sano hori", adierazi du Bolinagak.

Aramaioko Pala Txapelketan, hainbat lagun frontoian.

Finala eta afaria

Ekainaren 5ean jokatuko dituzte finalak, eta, ondoren, afaria egingo dute parte-hartzaile guztiekin. 40 lagun inguru elkartzea espero dute. Gainera, kamisetak atera dituzte, eta 40tik gora saldu dituzte. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete parte-hartzaileei eta laguntza eman dien Anboto tabernari, han antolatu baitute afaria.

Txapelketak izan duen arrakasta ikusita, antolatzaileek argi dute egitasmoak jarraipena izango duela aurrera begira. "Helburua da urtean bi txapelketa egitea, bat udaberrian eta beste bat udazkenean", azaldu du Bolinagak.

Pala Txapelketako beste hainbat parte-hartzaile.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak