Maia Ortiz de Zarate nagusi Arabako Eskolarteko bertsolari txapelketan

Eki Letona Erretolatza 2026ko maiatzaren 24a

Aramaioko Kultur Etxean jokatu zen atzo Arabako Bertsolari Gaztetxoen Eskolarteko Txapelketako XXXI. finala. Maia Ortiz de Zaratek irabazi zuen txapela, eta harekin batera June Astegieta izango da ekainaren 13an Arantzan jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalean Arabako ordezkari.

14 eta 18 urte arteko sei bertsolari gaztek hartu zuten parte finalean: Anitz Abarrategi, Jokin Onaindia, June Astegieta, Oinatz Basabea, Urko Lafuente eta Maia Ortiz de Zarate. Peru Abarrategik aramaioko bertsolariak gidatu zuen saioa.

Mikel Fernandez de Arroiabe, Aitor Jimenez eta Oihane Perea aritu ziren epaile lanetan, eta haien erabakiz Maia Ortiz de Zarate eta June Astegieta sailkatu ziren Euskal Herriko finalera.

Amaieran, Unai Anda Arabako Bertsolari Txapeldunak jarri zion txapela irabazleari, eta Eli Zalduaren eskutik jaso zuen urtez urte txapeldunetik txapeldunera doan egurrezko mikrofonoa.

Antolatzaileek eskerrak eman zizkieten Aramaioko Udalari eta Ikastolen Elkarteari txapelketa aurrera ateratzen laguntzeagatik, baita Arabako bertso-eskoletako kideei ere urte osoan egiten duten lanagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak