Herritik pasako ez den arren, biharko Korrika Egunerako, askotariko ekintzak

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko martxoaren 26a

Orain dela bi urteko Korrikan, Papargorri abesbatzakoak Korrikaren lekukoarekin.

Korrika-giroz beteko da Aramaio bihar, egubakoitza, herriko Korrika batzordeak egun osoko egitaraua prestatu baitu. Goizetik gauera arte, adin guztietako herritarrendako ekintzak izango dira, eta, gauean, Landara joango dira, Aramaiori dagozkion bi kilometroak egiteko.

Korrika batzordeko Manex Agirrek azaldu duenez, aurten Korrika ez da herritik bertatik pasako, baina, hala ere, bi kilometro hartuko dituzte, "parte hartzea eta giroa" lehenetsiz; Arabako azkena eta Gipuzkoako lehena egingo dituzte. Eta biharko Korrika Egunerako hainbat ekintza prestatu dituzte.

Goizean kantuan kalean

11:00etatik aurrera, Herria Kantuz ekimena egingo dute Alaiak kantu taldearekin eta Aramaixo Herri Eskolako ikasleekin batera; Euskal Herrian euskaraz eta Xiberutikan Mendebaldera kantatuko dituzte.

Korrika Txikia

14:30ean, Korrika Txikia egingo dute eskolako ikasleek. Ohiko ibilbidea egingo dute Ibarratik: eskolatik abiatu, Bizente Goikoetxea plazatik pasa eta Pedro Ignacio Barrutia kaletik, eskolara itzuliz. Ikasleek prestatutako mezua eramango dute lekukoan, hori irakurri, eta aurtengo Korrikako abestiaren koreografia ere dantzatuko dute. Ondoren, merienda egingo dute elkarrekin.

Poteoa eta afaria

19:00etan kalejira eta poteoa izango dira, trikitilariek, txistulariek eta dantzariek lagunduta. Gauean, berriz, 21:30ean, Zuk ein zuk jan afari autogestionatua egingo dute eskolako jangelan. Antolatzaileek azaldu dutenez, "ez da izen-ematerik egon eta edonork parte har dezake; guk lekua jarriko dugu eta bakoitzak bere jan-edanak ekarriko ditu". Afaria girotzeko, Alex Mendikute herriko argazkilari afizionatuak prestatutako aurreko Korriketako argazkien bilduma proiektatuko dute.

Afalostean, Emuixon taldearen kontzertua izango da, herriko lau kidek osatutako taldea: Irati Mujika, Oihana Ameskua, Andere Arriolabengoa eta Nerea Guerrero. "Denok abesteko moduko kantuak" joko dituztela aurreratu du Agirrek, eta, ondoren, musika eta festa luzatuko dira gauerdira arte.

Landara Korrikara

01:30ak aldera, Landara abiatuko dira herritarrak, Korrikan parte hartzera. Aramaiori dagozkion bi kilometroak bertan izango dira: Arabako azkena udalak hartuko du, eta Gipuzkoako lehenengoa, berriz, herriko eragileek.

Agirrek herritarrak parte hartzera animatu ditu: "Badakigu aurten ez dela Aramaiotik pasako, baina bi kilometro hartu ditugu, eta indartsu sentitzen dena eta ez dena ere, etor dadila. Korrikan ez da zertan kilometro guztia korrika egin behar; bertan egotea ere nahikoa da". Gaineratu du afarian girotuko dela Korrika, eta Korrika ere badela "elkarrekin egotea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak