Herritarrek dituzten Korrikako lehengo eta oraingo argazkiak biltzen ari dira

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko otsailaren 26a

Aramaioko 2013ko Korrika Txikiko une bat.

Martxoaren 27an Aramaion ospatuko duten Korrika egunean argazki bilduma erakutsi nahi dute, eta horretarako, herritarrei eskatu diete Korrikarekin lotuta dituzten argazkiak bidaltzeko martxoaren 13a baino lehen, 'txirritola@gmail.com'-era.

Aurtengo Korrikaren 24. aldia martxoaren 19tik 29ra egingo da, eta, nahiz eta Aramaiotik ez den igaroko, aramaioarrek martxoaren 27an ospatuko dute Korrika eguna. Lekukoa ere hartuko dute, bi kilometro lagunduko dituzte: alde batetik, Arabako azkena, Landatik mugara, eta beste bat Gipuzkoa aldean, Leintz Gatzagatik Gure Ametsa jatetxerainokoa. Udalak hartuko du Leintz Gatzagako Korrikako lehen kilometroa eta Arabako azken kilometroa eskuratuko dute Aramaioko eragileek. Asmoa dute egun horretan elkarrekin afaltzekoa eta 01:00ak inguruan joango dira Landara, korrikarako prest egoteko.

Argazki bilduma osatu nahian

Aramaioko Korrika batzordea lanean hasita dago, eta Aramaiori lotutako Korrikako argazkiak bildu eta horiek erakutsi nahi dituzte Korrika egunean. Hauxe adierazi du Gorbeialdeko Kuadrillako Euskara teknikari eta Aramaioko Korrika batzordeko kide Manex Agirrek: "Aramaion urtean zehar jasotako argazkien bilduma egiten du urte bukaeran Alex Mendikute argazkilari afizionatu aramaioarrak. Eta aproposa iruditu zitzaigun aurreko urteetako Korrikari lotutako herritarren argazkiak batu eta bilduma bat egitea. Ohikoa izaten da egun horretan argazkiak egitea, eta balio dute Aramaion ateratakoak ez izan arren kanpoan korrika ibili diren aramaioarren argazkiek ere. Ahalik eta gehien batu nahi ditugu, eta Mendikutek egingo du gero muntaia". Martxoaren 13ra baino lehen bidali behar dira, txirritola@gmail.com-era.

Korrika Kulturala, zapatutik

Zapatuan egingo dute Korrika Kulturaleko lehen ekintza. Kantuek eta kontuek. Ibilaldi gidatue naturaz eta kulturaz izenburupean, Markel Arriolabengoak bisita gidatua egingo du Telleriako ibilbidean, eta bertso eskolakoek girotuko dute ibilaldia; 10:00etan frontoitik abiatuko dira. Eta domekan, Laburbirarekin, iaz euskaraz sortutako zazpi film laburren emanaldia izango da kultura etxean, 19:00etan, Txirritolaren eskutik.

Bertso saiorako sarrerak salgai

Martxoaren 14an Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da, eta sei aramaioar sailkatu dira: Andere Arriolabengoa, Danel Herrarte, Martin Abarrategi, Peru Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Xabi Igoa. Gaiak jartzen Lierni Altuna herrikidea izango da. Sarrerak salgai daude, Bertsosarrerak.eus-en.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak