Ibilaldi gidatu batekin ekingo diote Korrika Kulturalari Aramaion

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko otsailaren 18a

Aramaioarrak Korrikaren testiguarekin, duela bi urteko Korrikan.

Prest dituzte Korrika Kulturalerako ekintzak Aramaion. Hilaren 28an izango da lehena eta naturan zehar ibilaldi gidatua egingo dute, bertsoz girotuta, Markel Arriolabengoaren eskutik. Laburbirako emanaldia, 'Ztandap' bakarrizketa eta Arabako Bertsolari Txapelketako azken finalerdia ere egingo dute. Korrika Eguna, berriz, martxoaren 27an izango da.

Datozen asteak Korrikaren koloreekin jantziko da Aramaio. Aurten, Aramaiotik igaroko ez den arren, aramaioarrek martxoaren 27ko gauean Landan lekukoa hartzeko aukera izango dute.

Korrika batzordeak dagoeneko prest dauka Korrika Kulturaleko egitaraua eta guztia antolatzen jarraitzeko hurrengo bilera hilaren 24an egingo dute kultura etxean, 19:00etan.

Egitarauan jasotakoak

Hilaren 28tik martxoaren 27ra bitartean izango dira Korrika Kulturaleko ekintzak. Lehenengoan naturaz gozatzeko aukera izango da, Bertso Eskolakoen bertsoekin lagunduta, eta ibilaldi gidatua egingo dute Markel Arriolabengoaren gidaritzapean, 10:00etan, frontoitik hasita.

Martxoaren 1ean, domeka, Laburbira euskarazko film laburren saioa izango da kultura etxean 19:00etan, Txirritolaren eskutik.

Martxoaren 5ean, eguena, 19:00etan kultura etxean, Ztandap bakarrizketa saioa egingo dute Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik –ekintza hori Martxoaren 8ko Emakumeen Egunaren harira ere antolatu dute–.

Martxoaren 14an, berriz, Arabako Bertsolari Txapelketako azken finalerdia jokatuko da Aramaioko kultura etxean, 17:30ean. Peru Abarrategi aramaioarra izango da saio horretan, besteak beste, lehen faseko bigarren saioan garaipena eskuratu ostean.

Eta martxoaren 27a izango da Korrika Eguna Aramaion. Nahiz eta aurten ere ez den Korrika herritik pasako, egun horretan ospatuko dute. Egunean zehar Korrika Txikia egingo dute eta Alaiak kantuan taldea herria girotzen izango da. Iluntzean triki- dantza-poteoa egingo dute. Gauean, berriz, Zuk iñ zuk jan afaria egingo dute eskolan, eta ostean, musika eta festa izango dira. 01:00ak aldera, Landara joango dira korrika egitera.

Argazki bilduma egiteko, herritarrenak jasotzen

Korrika Egunean, Aramaion Korrikarekin lotutako argazki bilduma batekin egindako bideo bat ere erakutsi nahi dute Korrika Batzordean hala erabakita, eta Alex Mendikute argazkizale aramaioarra arduratuko da hori egiteaz. Horretarako baina, herritarrei eskatu diete Korrikarekin lotuta dituzten argazkiak bidaltzeko txirritola@gmail.com helbidera, martxoaren 13a baino lehen. Asmoa dute Korrika Eguneko afarian hori proiektatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak