Ostadarren izenpean egon ziren lanean kultura etxean bi langile, 2001eko urritik. 2014an, bi langile haiek Ostadar sozietatearen bidez ematen zuten zerbitzua kontratu-euskarririk gabe geratu zen, Udalak ez baitzuen berriro lizitaziorik egin, baina lanean jarraitu zuten.
2023ko urtarrilean, lehenengo, Lan Ikuskaritzan jarri zuten salaketa, eta 2024ko martxoan, berriz, epaitegian. 2025eko urriaren 31n egin zen epaiketa. Behin-behineko sententziak adierazten zuenez, epaileak ebatzi zuen demandatzaileak "mugagabe ez-finko" bezala aitortu behar direla –finkotasuna ez zitzaien aitortu, administrazio publikoa denez, langile finkoak izateko oposizioak gainditu behar direlako–, eta 2001eko urria ezkero aitortzen zaie antzinatasuna.
Bi langileetako bat 2025eko ekainean jubilatu zen, eta horregatik ez zen inkorporatu. Besteak liburutegi zerbitzua ematen jarraitzen du. GOIENA azken honekin harremanetan jarrita, hark adierazi dio oraindik ez dela prozesua bukatu eta, momentuz, behintzat, ez duela adierazpenik egingo.
Atzo, eguena, osoko bilkura egin zuten eta puntuetako bat izan zen, hain justu ere, Consultores Gestor Publica SL enpresak aurkeztutako aurrekontua onartzea, Udaleko langile zerrenda eguneratzeko.
Hori Ostadarren sententziaren ondorioz etorri zen, kultura etxeko langilearen lanpostua eguneratu beharko dutelako. Aho batez onartu zuten eta 10 eguneko epea dute orain gauzak egiten hasteko.
Langilearen funtzioak zeintzuk izango diren zehaztuko dituzte eta negoziazio mahaia egin beharko dute sindikatuekin. Bertan adostutakoa, osoko bilkura batera eraman beharko dute gero, akordio hori bozkatzeko. Hilabeteko epea dute horretarako.
Ludoteka eta gazte aisialdi zerbitzuak esleituta
Orain artean Ostadar enpresak ematen zituen herrian ludoteka, liburutegi eta gazte aisialdi zerbitzuak. Urtarrilaz geroztik, baina, Alaiki enpresa ari da ludoteka eta gazte aisialdi zerbitzuak ematen. Izan ere, Aramaioko Udalak urtebeteko esleipena egin dio Alaiki enpresari, ludotekako eta gazte aisialdiko zerbitzuak emateko, 59.500 euro gehi BEZeko aurrekontuarekin.