Alaiki enpresari esleitu dizkio Udalak gazte aisialdirako eta ludotekako zerbitzuak

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko otsailaren 5a

Aramaioko ludoteka, eguazten arratsaldean. (Argazkia: Manex Agirre).

Aramaioko Udalak urtebeteko esleipena egin dio Alaiki enpresari ludotekako eta gazte aisialdiko zerbitzuak emateko, 59.500 euro gehi BEZeko aurrekontuarekin. Lehiaketara aurkeztu zen enpresa bakarra izan zen Alaiki, eta enpresa urtarrilaren 2an hasi zen ludotekako zerbitzua ematen, eta urtarrilaren 9an, berriz, gazte txokokoa.

Dagoeneko hasi da Alaiki enpresa ludoteka eta gazte txokoko zerbitzuak ematen Aramaion. Lehiaketara atera zen ludotekako eta gazte aisialdiko zerbitzuen gestio guztia, liburutegi zerbitzua izan ezik, eta horietako gehienak dira euskara eta hezkuntza zerbitzuei lotutakoak; horixe azpimarratu du Aramaioko Udalean zerbitzua ematen duen Gorbeialdeko Kuadrillako Euskara teknikari Manex Agirrek: "2 eta 12 urte bitarteko umeendako ludoteka eta udaleku zerbitzuak emango dituzte, eta 12 eta 16 urte bitarteko gazteendako, berriz, gazte txoko zerbitzua eta udako gazte aisialdi programa. Beraz, 2 urtetik hasi eta 16 urte artekoendako aisialdi eskaintza osoa da lehiaketara atera zena".

"Esperientziadun" enpresa

Alaiki enpresako zerbitzuen koordinatzaile Nerea Marin "oso pozik" dago Aramaion jardungo dutelako: "Iaz ludotekan izan ginen lau hilabetez zerbitzua ematen, eta orain, urtebeteko esleipena daukagu. Esperientzia handiko enpresa gara; aurten 30 urte bete ditugu. Araban, esaterako, Amurrion ere ematen dugu zerbitzua eta Artziniegan ere tarteka jarduten dugu, besteak beste. Eta Bizkaian, berriz, Urdulizen daukagu egoitza nagusia, eta proiektu eta zerbitzu ugari ematen ditugu hainbat herritan".

Manex Agirre ere pozik dago: "Gu oso gustura gaude. Enpresa batek modu integralean hartzea zerbitzu horiek guztiak ematen dio ikuspegi oso moduko bat, eta gero, herriko jendea bertan lanean egotea eta konpromiso hori hartzea oso ondo dago".

Bost aramaioar lanean

Aramaioarrak dira, gainera, bertan zerbitzua ematen lanean dabiltzanak: Goiuri Eriz dabil ludotekan; eta gazte txokoan egubakoitz arratsaldeetan binaka jarduten dute, txandaka, lau hauek: Danel Herrarte, Izaro Diaz de Gereñu, Leire Arrizabalaga eta Alaitz Isaszelaia.

Ludoteka eta gazte txokoa

Ludotekan zerbitzua ematen dute astelehenetik egubakoitzera bitartean, 16:15etik 19:15erako ordutegian. Astelehenetan, eguaztenetan eta egubakoitzetan, lehenengo ordu eta erdia izaten da HH-2tik HH-5era bitartekoendako, eta gero, adin guztietako umeendako egoten da zabalik. Martitzenetan eta eguenetan, berriz, LH-1etik LH-6ra bitartekoendako izaten da lehenengo ordu eta erdia, eta gero, guztiak batera ibil daitezke.

Gazte txokoa, berriz, zabalik egoten da urriko azken astetik maiatzaren lehenengo astera bitartean; aurten, esaterako, maiatzaren 8ra arte emango dute zerbitzua. Eta egubakoitz arratsaldeetan zabaltzen dute, bi ordu eta erdiz, DBH-1etik DBH4ra bitarteko gazteendako.

Uztailean Gazte Uda eta udalekuak egingo dituztela aurreratu dute Alaiki enpresakoek.

Liburutegi zerbitzua

Aurretik Ostadar enpresa arduratu izan da ludoteka, gazte aisialdi eta liburutegi zerbitzuak emateaz, eta Ostadarren izenpean egon ziren lanean kultura etxean bi langile. 2001eko urritik Ostadar enpresaren izenpean ibili dira lanean, eta 2014an, bi langile haiek Ostadar sozietatearen bidez ematen zuten zerbitzua kontratu-euskarririk gabe geratu zen, Udalak ez baitzuen berriro lizitaziorik egin, baina lanean jarraitu zuten. 2024ko martxoan jarri zuten salaketa, eta 2025eko urriaren 31n egin zen epaiketa. Behin-behineko sententziak adierazten zuenez, epaileak ebatzi zuen demandatzaileak "mugagabe ez-finko" bezala aitortu behar direla –finkotasuna ez zitzaien aitortu, administrazio publikoa denez, langile finkoak izateko oposizioak gainditu behar direlako–, eta 2001eko urria ezkero aitortzen zaie antzinatasuna.

Bi langileetako bat 2025eko ekainean jubilatu zen, eta horregatik ez zen inkorporatu. Besteak liburutegi zerbitzua ematen jarraitzen du, nahiz eta GOIENAri adierazi dion oraindik ez dela prozesua bukatu eta, momentuz, behintzat, ez duela adierazpenik egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak