Goi mailako bertso saioak egosteko, puntako osagaiak Aramaioko eskolatik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko urtarrilaren 26a

Arabako Bertso Txapelketan aurten jardungo duten bertsolariak, epaileak eta antolatzaile taldeko kide batzuk.

Otsailaren 7an abiatuko dute Arabako Bertsolari Txapelketa, Oionen, eta martxoaren 28an jokatuko dute finala, Gasteizen; Aramaioko zazpi bertsolari izango dira lehian; Bertsosarrerak.eus atarian daude sarrerak eskuragarri.

Hamazazpigarren aldia izango da eta hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte; horien artean izango dira Aramaioko Bertso Eskolako Peru Abarrategi, Aitor Ugarte, Danel Herrarte, Martin Abarrategi, Xabi Igoa eta, estreinakoz, Andere Arriolabengoa eta Sabin Abarrategi bertsolariak, eta, oholtzatik kanpo bada ere, txapelketa barruan ibiliko da Lierni Altuna aramaioarra gai-jartzaile lanetan eta epaileen taldeko kidea izango da Mikel Fernandez de Arroiabe aretxabaletarra.

Xabi Igoa: "Zazpikotetik harago, talde izaera ederra dugu gure bertso eskolan"

Aramaiokoa, "eskola indartsua"

Aurreko aldian moduan, Aramaiotik zazpikotea joango da txapelketara; eskola indartsu dagoen erakusle. "Esanguratsua da aurreko txapelketako finalean egon ziren gure bertso eskolako Manex Agirrek eta Paula Amilburuk ez parte hartu arren eskola bereko beste bi kide sailkatzea; hortaz, kopuru majoa mantentzen dugu hamazortzikote horretan, eta pribilegioa da txapelketa elkarrekin bizitzeko aukera izatea", azaldu du2022an txapela eskuratu zuen Peru Abarrategik, eta zera gaineratu du haren anaia Martinek: "Baja horiek potenteak dira eta faltan igarriko ditugu, baina seinale ona da hutsune horiek eskola beretik bete ahal izatea. Txapelketa pizgarria izaten da eskolan, eta hala da aurten ere".

Andere Arriolabengoa: "Eboluzio bat ikusten da azkeneko urteetan Arabako Bertso Txapelketan"

Parte hartzaileen kopuruaz harago, "talde izaerak" egiten du indartsu Aramaioko eskola, Xabi Igoaren esanetan, eta horren erakusle da elkarrekin ari direla txapelketarako entrenatzen: "Zazpikotetik harago, talde izaera ederra dugu, eta urteetako lanaren adierazle dela esango nuke". Aipatzekoa da, era berean, zazpi horien artean anaiak daudela: Peru, Martin eta Sabin Abarrategi, batetik, eta Xabi Igoa eta Aitor Ugarte, bestetik. "Etxean, gurean eta abarrategitarrenean bertsolaritza presete egon den eta dagoen seinale da hori", dio Igoak, eta bide beretik erantzun du Abarrategitarren gazteenak, Sabinek: "Familian baditugu helduleku asko, elkar lotzen gaituzten interesak, eta bertsoa da etxearekin lotzen nauen katebegi horietako bat". Anaia nagusi Peruk ere "poztasuna" adierazi du: "Bakoitzak bere lanak egin beharko dituen arren, uste dut anaiok elkar babestu eta elkarren txapelketa jarraituko dugula. Sekulako ilusioa dut".

Peru Abarrategi: "Bakoitzak bere lanak egin beharko dituen arren, elkar babestuko dugu"

Esperientzia eta gaztetasuna

Lehen faseko saioetatik hasita "saio txukunak izango direla eta finalera begira lehia irekia" izango dela aurreikusten du zazpikoteak. "Azkeneko urteetan eboluzio bat ikusten da Arabako Bertsolari Txapelketan, gero eta gogorragoa da txapelketara heltzeko egin beharreko aurre-lana; oso osasuntsu ikusten dut Arabako bertsogintza, eta aurten ere txapelketa oso ona ikusiko dugulakoan nago", dio Andere Arriolabengoak, eta zera gaineratu du Sabin Abarrategik: "Izenei begiratuta, bi korronte sumatzen ditut: batetik, gazteak oso indartsu gatoz, baina belaunaldi nagusiak iraun egiten du, eta ahalegina egiten dute euren kantaera txapelketan sustraituta egon dadin. Uste dut gazteon eginbeharra dela gure lekuari eustea eta nagusiei egurra ematea, zaila izango den arren, bizkar gainean txapelketa asko dituztelako; hortaz, oso borrokatua izango dela uste dut, eta ez daukat kiniela garbirik, oraingoz".

Sabin Abarrategi: "Gure lekuari eustea eta nagusiei egurra ematea da gazteon eginbeharra"

Seiko taldetan banatuta, lehen fasean hiru saio jokatuko dituzte: otsailaren 7an, Oionen; otsailaren 15ean, Laudion; eta otsailaren 21ean, Izarran. Martxoaren 7an abiatuko dituzte finalaurrekoak, Dulantzin, eta lehenengo eta hirugarren saioetako irabazleekin eta puntuazioaren hurrenkeraren arabera osatuko da lehiakideen zerrenda; bigarren finalaurrekoa, berriz, Aramaion izango da, martxoaren 14an, eta lehen faseko bigarren saioko irabazleekin eta puntuazioaren hurrenkeraren arabera osatuko dute parte-hartzaileen taldea. Saio horiek guztiak egin ondoren, martxoaren 28an Gasteizko Europa Biltzar Jauregian jokatuko da finala.

Martin Abarrategi: "Asko motibatzen nau Oiongo saioan Sabin anaiarekin batera kantatzeak"

Oionen, bi Abarrategi

Martin eta Sabin Abarrategi izango dira kantuan egingo duten lehenengo aramaioarrak, eta pozik daude oholtzaren gainean elkarrekin egongo direlako. "Asko motibatzen nau Sabinekin kantatzeak; sekulako saioa egin zuen sailkapen fasean eta esango nuke hala egingo duela", dio Martinek, eta zera Sabinek: "Saio ona izango da, altutik joko dela uste dut. Aurrekoan Perurekin berbetan, biek bat egin genuen: azkena ez geratzea sekulako arrakasta izango da".

Aitor Ugarte: "Polita litzateke Aramaion kantatzea, baina aurrez lana ondo egin behar da"

Hirukote bat bigarrenean

Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa eta Peru Abarrategi izango dira Laudion. "Aitorrek, gaztea izan arren, urte asko daroatza eskolan, eta seguru nago saio ona egingo duela; eta Peruk itzelezko indarra dauka", dio txapelketan estreinakoz izango den Andere Arriolabengoak. "Konfiantza handia ematen dit herrikideekin kantatzeak, eta polita litzateke finalaurrekoan gure herrian kantatzea, baina aurrez ondo egin behar da lana", dio Aitor Ugartek, eta hauxe gaineratu Peru Abarrategik: "Finalean egoteko hautagai asko ikusten ditut hiru saioetan".

Danel Herrarte: "Oholtzaren gainean konplize handia izango da niretzako Xabi Igoa"

Herrarte eta Igoa, Izarran

Eskarmentu handiko Xabi Igoa alboan izateak bultzada ematen diola dio Danel Herrartek: "Bertso eskolako erosotasun hori elkarri transmititzea lortzen badugu, plazan gustura egotea lortuko dugula uste dut". Eta "seikote anitza" dela nabarmendu du Igoak, "gozatzea helburu duen" txapelketako lehen faseko saiora begira jarrita.

Egitaraua

Lehen fasea

  • Otsailak 7 Oiongo Bazterra aretoan, 17:30ean. Bertsolariak: Sabin eta Martin Abarrategi, Aroa Arrizubieta, Felipe Zelaieta, Iñaki Viñaspre eta Unai Anda.
  • Otsailak 15 Laudioko Kasinoan, 17:30ean. Bertsolariak: Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa, Peru Abarrategi, Ekaitz Samaniego, Hegoi Amabizka eta Manu Bendala.
  • Otsailak 21 Izarrako Kultur Etxean, 17:30ean. Bertsolariak: Danel Herrarte, Xabi Igoa, Asier Otamendi, Eli Zaldua, Maddi Agirre eta Rikardo Gonzalez de Durana.

Finalaurrekoak

  • Martxoak 7 Dulantziko Mikaela Portilla Kultur Etxean, 17:30ean.
  • Martxoak 14 Aramaioko Kultur Etxean, 17:30ean.

Finala

  • Martxoak 28 Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, 17:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak