Aramaioko Udala zigortu dute lan kontratazioetan irregulartasunak egin izanagatik

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko urtarrilaren 15a

Azken hilabeteetan Aramaioko Udalak bi epaiketa izan ditu euskara teknikariaren lanpostuaren eta kultur etxeko bi langileen kontratazio prozesuen harira. Epaiek arrazoia eman diete salaketak jarri dituzten pertsonei.

Aramaioko Udalak 2022ko abenduan euskara teknikariaren lanpostua ordezkatzeko oinarriak argitarau zituen, plazaren titularra aldi baterako ezintasun-egoeran zegoen aldirako. Euskara teknikariaren epaiketaren kasuan, sententzian jasotzen denez, puntuazio altuena lortu zuen hautagaiari plaza esleitu beharrean, beste hautagai bati eman zitzaion. Horregatik, kaltetuak lehiaketaren emaitza inpugnatu zuen. Besteak beste, sententzian zehazten denez, prozesuan zehar esleipenerako baldintzak aldatu ziren, hautagaiari jakinarazi gabe. Sententziak jasotzen duenez, demandatzaileak baldintza guztiak betetzen zituen. "Oinarrietan argitaratutako baldintzak eta baloratu beharreko alderdiak zehatz-mehatz kontuan hartu izan balira (...) esleipendun izango zatekeen", dio epaiak. 

Kultur etxeko langileen auzia

2001eko urritik Ostadar enpresaren izenpean egon dira lanean kultur etxean bi langile. 2014an, bi langile horiek Ostadar sozietatearen bidez ematen zuten zerbitzua kontratu-euskarririk gabe geratu zen, Udalak ez baitzuen berriro lizitaziorik egin, baina lanean jarraitu dute. 2024ko martxoan jarri zuten salaketa, eta 2025eko urriaren 31n egin zen epaiketa. Behin-behineko sententziak adierazten duenez, epaileak ebatzi du demandatzaileak "mugagabe ez-finko" bezala aitortu behar direla –finkotasuna ez zaie aitortu, administrazio publikoa denez, langile finkoak izateko, oposaketak gainditu behar direlako–,  eta 2001eko urritik aitortzen zaie antzinatasuna. Bi langileetako bat 2025eko ekainean jubilatu zen, eta, horregatik, ez da inkorporatuko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak