Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna hurbiltzen ari da, eta Aramaioko Udalak herriko taldeekin batera hainbat ekintza antolatu ditu datozen egunetarako. Azaroaren 24an, Nahia Alkortaren Amatasuna zeharkatzen duten indarkeriak hitzaldia izango da entzungai, kultur etxean, 18:00etan. Azaldu du indarkeria bikarioa, indarkeria matxista eta agerikoagoak diren biolentzia motak gizarteak ikusten dituela, baina badaudela baita indarkeria judiziala, arrazismoa, aparofobia edota indarkeria bezala identifikatzen ez diren etxe barruko beste dinamika batzuk ere. "Beraz, saiatuko gara indarkeria handi horietatik txikietara joaten, bakoitzak bere hausnarketa egin dezan, eta hortik abiatuta, ahalduntzea lantzen hasteko", dio.
Kontzentrazioa eta antzerkia
Azaroaren 25ean elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, 18:00etan, eta ostean, 19:00etan, Bea Insak sortu eta interpretatutako Helenas antzerkia izango da ikusgai, kultur etxean, Itur Zuri Emakume Taldeak antolatuta. Emakumeen aurkako in- darkeria, sare sozialak, bizilagunak eta gerrak uztartzen dituen kontakizun poetiko eta performatiboa da antzezlana.
Solasaldi musikatua hilaren 29an
Tortura emakumeon gorputzetan izeneko saioa antolatu dute herriko talde feministak eta Emuixon musika taldeak elkarlanean, azaroaren 29rako, 19:30ean, kultur etxean. "Hitza, musika eta kantua oinarri, genero-indarkeria politikoa eta sexu-tortura salatu, memoria egin eta aitortza eta erreparazio kolektiboaren bide horretan gure aletxoa jarri nahi dugu ekimen horren bidez. Ez dezagun ahanzturan utzi. Geure mina eta geure sendatze prozesua kolektibizatu dezagun".
Itaiak biharko, zapatua, zineforuma antolatu du, 17:00etan.
Egitaraua
Azaroak 22
- 17:00 La asistenta telesailaren lehen atala eta solasaldia, Sastiñan, Itaiak antolatuta.
Azaroak 24
- 18:00 Nahia Alkortaren Amatasuna zeharkatzen duten indarkeriak hitzaldia, kultur etxean.
Azaroak 25
- 18:00 Kontzentrazioa, herriko plazan.
- 19:00 Helenas, antzerkia, kultur etxean, Itur Zuri elkarteak antolatuta.
Azaroak 29
- 19:30 Tortura emakumeon gorputzetan solasaldia, kultur etxean, Aramaixo Talde Feministak antolatuta.