Lehen Bira Ekofeminista, Arabako hiru udalerri bisitatzen ari da gaurkoan, eta, lehenengo geldialdia, Aramaion egin dute hain zuzen. "Azken urteetan Ekofeminismoaren begirada lantzen ari gara, horren arira, topaketak ezberdinak egin ditugu eta prozesu horren parte da gaurkoa. Lau paretetatik atera nahi genuen, lurraldea modu kolektiboan zapaldu eta proiektuak partekatu", adierazi dute Mirene Begiristain eta Amanda Verronek, Bira Ekofeministaren antolatzaileek.
"Lurra eta bizitzaren defentsan" azpimarra
Aramaixoko Talde Feministaren barruan, lurraren defentsari lotutako proiektuak ezagutarazi eta ekofeminismora gerturatzeko baliatu dute eguna. Aurretik ordea, Bira Ekofeministako partaideei harrera egin diete biribilgunean, eta, horrekin batera, Ekonomatoa bisitatu dute. Ondoren, Sastiñan elkartu dira guztiak.
Irati Mujikak, Talde Feministako kideak azaldu duenez, eolikoen eta AHTren proiektuen aurrean, "lurra eta bizitzaren defentsan" egindako lanean jarri dute batez ere azpimarra: "Eolikoen proiektua aurkeztu osteko urteetan lurra eta bizitzaren defentsan aritu gara, proiektu horrek suposatzen zuenaren haratagoko irakurketa bat egin nahi genuen, lurrari eragiten diolako, eta baita, bertan bizi garenoi ere. Hortik adierazpen bat sortu genuen, Desazkunde Ekofeminista eta Dekoloniala izenburupean. Gaurkoa, guk egindako lanketa eta irakurketa horren berri emateko baliatu dugu".
Horrez gain, kontsumo ohituren aldaketaren beharrari ere heldu diete, aipatutako Aramaioko Ekonomatoaren bidez edo bestelako ekimenei bidez, pixkanaka, bertako eta konfiantzazko produktuen kontsumoa sustatu nahian dabiltzalako. Aurkezpenean zehar azalpenak, bideoak eta kantak ere tartekatu dituzte.
Labraza eta Tuestan ere izango dira
Bira Ekofeministak beste bi geldialdi ere egingo ditu gaur. "Orain Araba hegoaldera joango gara, Labrazara. Han ere, kideekin elkartuko gara. Gero, Tuestara igoko gara, bertan, makro-negutegiak eta tomate hidroponikoek, lurrean sortzen dituzten ondorioak ezagutuko ditugu" amaitu dute antolatzaileek.