Arratsaldeko zazpietan iritsiko da Anbotoko Mari Aramaiora, eta iritsierarekin batera hasiko dira San Martin jaiak. Aramaioko Udalak, aurtengo jaietan, herrian eta Udalean "borondatez" lan egiten duten herritarrak omendu nahi ditu, eta haiek izango dute pregoia irakurtzeko aukera, Asier Agirre alkateak aurreratu duenez. Omenduak "herritar asko" izango badira ere, bost edo sei lagun izango dira ordezkari.
Jaioberriei ongietorria
Iazko sanmartinetatik hona herrian jaiotako sei jaioberrik jaso dute ongietorrian parte hartzeko gonbita, eta aurten ere Lagun Artean dantza taldeko kideek dantzan egingo dute. Dantza taldeko irakasle Ane Arrizabalagak aurreratu du, ongietorria Agurra-rekin egingo dutela, eta, ostean, taldeka koreografiak egingo dituztela, gaur egungo abestiak eta euskal dantzetako pauso tradizionalekin fusionatuz.
Hiru Txirloak, berritasun
Aurten, herritarren eskaerak aintzat hartuta, Aramaioko I. San Martin Hiru Txirlo Txapelketa jokatuko dute, zapatuan, 17:00etan hasita, Etxaguengo bolatokian. Izen-emateak bost euro balio du.
Kontzertuak eta bakarrizketa
Jaietako beste protagonista bat kontzertuak izan ohi dira, eta estilo guztietako musika izango da entzungai jaietan, hala nola elektrotxarangak, erromeria, kantu-jira eta mariatxiak.
Domekan, berriz, 22:30ean, elizako eskaileretan Asier Galarzak, Jone Bengoak eta Manex Astigarragak bakarrizketa saioa egingo dute.