Bost urteren ostean, Aramaiok Arabako Herriarteko Pilota Txapelketan hartuko du parte. Azken urteetan ezin izan dute taldea osatu, baina aurten, herriko lau pilotarirekin –kadeteetan, Ibai Osoro; gazte mailan, Markel Beitia; eta seniorretan, Markel Arriolabengoa eta Asier del Campo– eta Gasteizko eta Legutioko pilotari banarekin eratu dute taldea. Besteak beste, Arriolabengoak eta Del Campok Arabako Udaberri Txapelketa irabazi zuten apirilean.
Taldea osatzea erraza ez dela izan adierazi du Asier del Campo pilotariak, hura ere urte batzuetan pilota utzita egon da eta: "Markel Arriolabengoa eta biok Gasteizko Txukun Lakua elkartean gaude gaur egun, eta senior kategoria osatuta zuen Aramaiok gurekin. Markel Beitia eta Ibai Osoro ere ezagutzen genituen. Gainera, Arabako Pilota Elkarterik handiena da Txukun Lakua, eta, pilotari asko daudenez, jendea fitxatu ahal izan dugu".
Helburuak ere zehaztuta dituzte dagoeneko. Hiru kategoriatan maila ona eman eta "ondo ibili" nahi dute; betiere, disfrutatuz: "Ondo gabiltza, motibatuta, eta balantze ona egin dugu hurrengo kanporaketarako".
"Irabazteko moduko taldea" dutela adierazi du aramaioarrak: "Uste dut urrun helduko garela. Finalera, oxala". Aipatzekoa da Arabako Herriarteko Txapelketan launa herrik osatutako multzoa dagoela, eta ligaxka jokatzen dutela. Aramaioren multzoan Laudio, Gasteiz eta Agurain daude.
Gaurko kanporaketa irabaztera
Joan den domekan jokatu zituzten lehen hiru partidak, Laudioren kontra, Aramaion, baina hirutik bakarra irabazi zuten: kadete mailan, 6-22; gazte mailan, 22-5; eta senior mailan, 18-22. Kadete mailako lehiari dagokionez, Del Campok dio Ibai Osoro kadeteetan lehiatzen ari bada ere berez infantil mailakoa dela: "Maila onean dabil, eta kadeteetara pasatzea erabaki genuen, konfiantzarekin dabilelako. Laudioko taldeak, ordea, oso maila handia erakutsi zuten". Gazte mailan "oso erraz" irabazi zutela dio.
Seniorretan ere "maila ona" eman zuten, baina Arriolabengoak eskuan min hartu zuen eta partiduaren erritmoa jaitsi egin zela dio: "Besteak oso aurkari indartsuak ziren, eta oso pozik gaude egindakoarekin. Lehenengo kanporaketa izateko, balantze positiboa".
Hala, gaur dute Herriarteko bigarren hitzordua: 18:30ean jokatuko dute kanporaketa, Gasteizkoen kontra, Aramaioko Maider Unda pilotalekuan. Gaur- ko partiduak irabazteko esperantza dute aramaioarrek.
Zaletasun handia
Nabarmendu du garrantzitsua dela ligaxkan aurreneko bi postuetan sailkatzea, finalaurrekoak etxean jokatzeko: "Sekulako afizioa dago. Ume askok eman dute izena pilotan. Aramaiok klubaren historian ez du inoiz irabazi Herriartekoa, eta aurten aukera polita daukagu. Ilusioarekin gaude zerbait egin eta irabazteko".
Gustura dago Del Campo, Aramaion pilotarako dagoen zaletasunaz galdetuta. Aramaioko Pilota Elkarteak hastapen mailatik infantiletara bitarterako saioak eskaintzen ditu, eta azken urteetan gorakada antzeman dute izen-ematean. Del Camporen esanetan, duela bizpahiru urte hamar pilotari bakarrik zeuden, eta gaur egun 34 dira. "Guretzat pozgarria da harrobia edukitzea. Markel eta biok goian ibilita, gainera, uste dut herriko gazteek badutela motibazioa gure partidak ikusi eta urte batzuk barru, gu bezala, goian ibiltzeko. Oso pozik gaude horregatik".