Ohitura den moduan, maiatzarekin batera dator Lorabarri Astea Aramaiora, eta aurten ere hitzaldia antolatu dute aste barrurako. Bihar, 18:00etan izango da Sastiñan eta nekazaritza sintropikoa eta baso jangarriei buruzko oinarrizko ikastaroa emango dute Aner Garitaonandiak eta Iñigo Arruabarrenak.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, baso jangarriak lantzeko teknika bat da nekazaritza sintropikoa, permakulturaren barruan kokatzen dena. Lurreko baldintzak hobetuz, emankortasuna hobetzea du helburu: "Hazkuntza azkarreko landareak erabiltzen dira horiek kimatuz lurra emankorrago bihurtzeko eta elikadurara bideratuko diren fruta-arbolen beharrizanak asetzeko. Agrokimikorik gabeko teknikak erabiltzen dira eta baso erresiliente eta emankorrak ditu helburu". Azaldu dutenez, teknika "neurri batean berria da" inguru honetan: "Oraindik adibide gutxi daude, baina aldi berean, urte luzez erabilitako maneiuak batzen ditu.
Azoka eta dokumentalaren proiekzioa
Lorabarri Asteko egun nagusia zapatuan izango da. Urtero bezala, azoka jarriko baitute, 11:00etatik 14:00etara bitartean, herriko plazan. Eskuragai egongo dira orturako landareak, gazta, ardoa, olioa, arbendolak, ortuariak, gozoak, edari hartzituak, kosmetika, artisau lanak eta bidezko merkataritza, besteak beste. Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, han izango da Arrasateko Harreman denda ere.
Arratsaldean, berriz, 19:30ean, Ganado o desierto dokumentala izango da ikusgai kultur etxean. Emanaldiaren ondoren, zuzendariarekin solasaldia egingo dute.
Auzolana domekan
Domekan auzolanean Andramariko eskailerak garbituko dituzte 10:00etan hasita. Adin guztietako herritarrendako ekintza izango da, "askorentzako paseorako eta aisialdirako den ingurune hau txukuntzeko eta atseginago egiteko".