Joan den eguenean, etxeko suteen prebentziorako eta babeserako hitzaldia egin zuen Aramaion Arabako Foru Suhiltzaileen ofizialorde Joseba Beitiak (Bilbo, 1970), Alaiak Jubilatuen Elkarteak antolatuta, eta han emandako gomendioak jaso ditu GOIENAk Beitiari egindako elkarrizketan.
Zer moduz hartu zintuzten Aramaion?
Oso gustura egon ginen; primeran tratatu gintuzten eta hitzalditik konforme atera zirela esango nuke. Galdera tartean ere atera ziren galderak, eta uste dut erantzunak eman genizkiela. Publikoa nahiko heldua zen, eta haiei bideratuta egin genuen hitzaldia.
Zeintzuk dira etxeko suteak eragiten dituzten arrazoi nagusiak?
Kasuistika handienak argindarreko kontuak izaten dira. Entxuferen batean karga handiagoa duen aparatu bat dagoelako. Sukaldean, kozinatzeagatik sortzen dira gehienetan suteak; sarritan, zartagina edo lapikoa sutan ahazten dugulako. Sukaldeko kanpaian ere beti geratzen dira olioa eta koipea filtroetan. Hitzaldian azpimarratu genuen garrantzitsua dela noizbehinka filtroak garbitzea. Sua sortuz gero, koipea dagoenez, sua sortzeko erregaia izan daiteke, eta berehala erretzen da kanpai bat.
Horretaz galdetu nahi nizun: zein ohitura arriskutsu ditugu etxean eta ez gara kontziente?
Kontu handiz kargatu behar dira gailu elektronikoak. Helduok kontu handiagoa izaten dugu horrekin, baina jende gazteak edozein lekutan uzten ditu kargatzen eskuko telefonoa eta patinete elektrikoa. Gainera, ikusten dugu homologatuak ez diren kargagailuak erabiltzen direla horiek kargatzeko. Arinago kargatzen dituzten kargagailuak izan ditzakegu, baina gero arazoa izan daiteke gehiegi berotzen badira su har dezaketela.
Sukaldeko adibideak eman dituzu lehen; sute gehien sortzen diren etxeko eremua da?
Esango nuke sute gehienak sukaldean sortzen direla, baina orain, joera berriekin, ikusten ari gara patineteak eta eskuko telefonoak kargatzen ari diren lekuetan ere sortzen direla sute gehien; adibidez, egongelan. Sukaldea, ordea, bada oraindik ere sute gehien sortzen diren puntua.
Zeintzuk dira etxeko suteak saihesteko prebentzio-neurriak?
Aipatu ditudanez gain, kontuan izan behar da zigarroaren punta ondo itzali behar dela. Batzuetan, zigarrokinak edozein lekutara botatzen ditugu pentsatuz itzalita daudela, baina horrek ere sutea eragin dezake. Eta berogailuak ez dira erabili behar arropak lehortzeko; ez da arroparik utzi behar gailu horien gainean. Gainera, berogailu elektrikoa bada, eta, esaten den bezala, erresistentzia gori-gorian badu, laster batean hartzen du su.
Etxean sutea badago, zer egin?
Leku guztietan esaten dugun moduan, itxi iezazkiozu ateak suari. Sutea hasi dela ikusten baduzu, eta ez badaukazu ezer hori itzaltzeko, onena handik alde egitea da, eta etxeko ate guztiak ixtea. Sukaldean bazaude, etxeko ate guztiak itxi; leihoak ere itxita uzten badituzu, askoz ere hobeto. Ate nagusia ixtea ere oso garrantzitsua da. Zabalik utziz gero, kea eskaileretara joango da, eta atari osoan zabaldu. Hori kaltegarria izan daiteke ebakuazioa egiteko.
Eta norbera, nola babestu?
Ahal dela, etxetik alde eginda. Esan bezala, ate guztiak itxi, nagusia ere bai, eta ate horretan giltzak jarrita utzi, kanpotik suhiltzaileak sartu ahal izan daitezen. Beste pisu guztietako bizilagunei dagokienez, hobe dute euren etxeetan konfinatu. Zergatik? Kalkulatzen dugulako sutea dagoen etxeko ate guztiak itxita badaude sutea ez dela zabalduko. Kasu gehienetan eta eraikin berrietan normalena da sua bertan itotzea. Suak aurrera egiteko haizea, oxigenoa, behar du, eta hori kentzen badiogu kostatu egingo zaio zabaltzea. Norbait ezin bada etxetik irten, sutetik urrunen dagoen gelara joan behar du, ate guztiak itxita, eta kanpoan daudenei abisatu etxeko zein lekutan dagoen. Horrela, lehentasuna izango da suhiltzaileendako erreskatea egitea.
Ke-detektagailua eman zenizkieten familiei; etxe guztiek izan beharko lukete horrelako bat?
Instalazio beharrik ez duen tresna txikia da. Sabaian jartzen da eta kea atzematen duenean pilaren bidez txirrinak jotzen du. Normalean, kea badago, nonbait sua dagoelako izaten da. Guk esaten dugu kokatzeko leku ho- berena sukaldearen irteera dela. Estatistikoki sukaldean izaten direnez sute gehien, sukalde kanpoan edo pasilloan jartzea gomendatzen dugu.
Su-itzalgailua eskura izan dezakete askok; atariak behartuta daude halako bat izatera?
Atarietan esango nuke legediak eskatzen duela, edo, behintzat, komunitateak hasi dira eskatzen. Garajeetan derrigorrezkoa da, baina norbere etxebizitzan ez. Nire ustez, apurka-apurka ezarriko dira, eta, azkenean, beharrezkoak izango dira. Hitzaldian komentatu genuen Frantzian, esaterako, ke-detektagailuak etxeetan derrigorrezkoak direla. Hemen oraindik ez, baina uste dugu tresna oso ona dela. Ez du askorik balio, instalaziorik ez du behar, eta erabiltzeko hain sinplea eta erraza den gauza bat jartzera gonbidatzen ditugu herritarrak.