Arabako euskal dantzak egingo dituzte bihar Aramaion Gorbeialdeko Dantzarien Topaketan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko api. 11a, 10:12

Lagun Artean dantza-taldeko dantzariak, iaz, sanmartinetan. (Argazkia: GOIENA).

Aramaioko, Zuiako, Zigoitiko, Murgiako eta Izarrako 200 dantzari baino gehiago elkartuko dira bihar Aramaion egingo den Gorbeialdeko Dantzarien VIII. Topaketan; 17:00etan kalejiran irtengo dira, eta, ondoren, hamabi dantza egingo dituzte frontoian.

Aramaion ospatuko dute bihar arratsaldean Gorbeialdeko Dantzarien VIII. Topaketa, 17:00etan hasita. Ordu horretan irtengo dira, frontoitik, Aramaioko Lagun Artean dantza-taldearekin batera, Zuiako Dantzariak, Zigoitiko Oketa Alai, Murgiako Bidabarri eta Izarrako Triskari dantza-taldeetako 200 dantzaritik gora, kalejiran, eta, ondoren, 17:30ean kanpoko frontoian hamabi dantza egingo dituzte. Topaketa bakoitzean gai bat aukeratzen dute, eta aurtengo ediziorako Arabako euskal dantzak hautatu dituzte.

Maitane Gomez de Segura da Aramaioko Lagun Artean dantza-taldeko batzordeko kideetako bat, eta hura dabil antolatzaile lanetan. "Egun polita" izaten dela dio; topaketa egiteko herria txandakatuz joaten dira, eta aurten Aramaion egitea tokatu da. Hala, berezitasuna ematea pentsatu zuten, hasiera batean, jeneralean zapatu arratsaldean egiten baita: "Egon ginen zalantzan aurten goizez egin edo domekara pasa, baina ez dugu aldaketarik egin".

Ekitaldiari dagokionez, Gomez de Segurak aurreratu du Arrasateko gaiteroak ere egongo direla topaketan. Arratsaldea baliatuko dute gainontzeko dantza-taldeak aurkezteko, eta dantza bakoitzari buruzko xehetasunak emango dituzte. Dena den, festa ez da hor amaituko. Adierazi baitu 19:00 alderako Dantza-plazan antolatu dutela, aukeratu dituzten abestiekin bertaratzen direnek dantzan egin ahal izan dezaten.

Esperientzia aberasgarria

Zortzigarren edizioa bada ere, Lagun Artean taldeko batzordekideak azaldu du lehen topaketara ez zirela aramaioarrak joan, eta Gopegin egin zen bigarren ediziora joan zirela: "Guretzat oso aberasgarria izan da; izan ere, azkenean, ezagutu dugu Gorbeialdeako Kuadrilla".

Aramaioko 70 dantzari

Oihane Vicente dantza-irakaslearen erreleboa hartu du Ane Arrizabalagak, eta azaldu du esperientzia berria ari dela izaten aurtengoa, taldeko dantzaria ere baita. 70 dantzari aramaioar irtengo dira kalera bihar, denera sei talde: "Dantza-taldea indartsu dago, eta poztekoa da".

Aramaioko bi dantza

Arabako hamabi euskal-dantza egingo dituzte bihar: Agurra, Trinidad de Kuartango, Zortziko de Lezea, Arbol eta jota, Bercijana, Entradillak, Arbol de Pipaon, Kontrapas galante de Uñuela, Oficios, Kastañuelak, Jota de Pingajos, Txulalai eta Txakoli. Horietatik, Agurra eta Txakoli dantzak dira Aramaiokoak. Lagun Artean dantza-taldeko irakasle Ane Arrizabalagak aurreratu du euren "betiko dantzak" beste herrietako dantzariek dantzatzeak "harrotasun puntua" ere ematen diela.

Erronkatik sortutako dantza

Agurra-ri buruz Lagun Artean dantza taldeko batzordekide Maitane Gomez de Segurak dio Aramaion "beste era batera" egiten dela dantza. Dena den, azpimarra Txakoli izeneko dantzan jarri du, Aramaion sortua baita: "Kuadrillen arteko pike bat bezala sortu zen eta duela 25 urte berreskuratu zen. Tabernako apustu batetik sortu zen dantza. Bi kuadrillak elkarri bota zioten erronka ea nork egiten zuen hobeto dantza. Orduan, bi lagun taldeak bereizteko batzuek gerriko gorria jartzen zuten lurrean, eta beste batzuek, beltza. Hortik dator izena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak