Aramaioko Udalak Durakogain eta Arangio inguruetan dituen herri-basoetan entresaka-lanak egiten ari dira, 2020an Errez kooperatibak idatzitako Basoen Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoa eta Tantairen eta Arabako Basogintza Elkartearen gomendioak jarraituz; alegia, eremu haietan zuhaitz-portzentaje bat kentzen ari dira, geratzen direnak direnak oxigena daite- zen, indar daitezen eta nahikoa ur izan dezaten. Arabako Basogintza Elkarteko teknikari Ibon Munitxaren esanetan, aurreko astean amaitu zituzten Durakogainen lanak, eta egun hauetan Arangioko basoan ari dira lanean.
Auditoria izan zuten joan den astean; izan ere, Basoen Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoa Baso Ziurtapena Bermatzeko Programaren (PEFC) barruan kokatzen da. Munitxak adierazi du ziurtagiri horren barruan sartzen diren basoetan auditoria pasatzen dela urtero Euskadi mailan, eta aurten Araban egitea egokitu dela. "Joan den martitzenean egon ginen PEFCko auditoriarekin, eta Aramaioko basoetan ibili ginen. Goizean jabe pribatu batekin eta eguerditik aurrera herri-basoetan", dio.
Aramaioko alkate Asier Agirrek gaineratu du eremu haietako pinudiek banda marroiaren gaixotasuna dutela, eta entresakak edo mehazketak lagundu egin dezakeela arazoari aurre egiten: "Esperantza dugu garbitze horrek berpiztu eta indartu egingo dituela zuhaitzak. Ikusi dugu zuhaitzak elkarren kontra egon direnean gaixotasuna gehiago zabaltzen dela. Orduan, haien artean haizea igarotzeak mesede egiten die". Dena den, Errez kooperatibako teknikari Markel Arriolabengoak gaineratu du orokorrean gaixotuta daudela pinudiak: "Aramaio ez da bereziki banda marroiak eragin handia duen herria. Badaude zuhaitzak gaixotuta, baina ohiko entresaka da. Basoa hazten ari den heinean, zuhaitzak kendu egin behar dira. Gaixotuta daude, baina erabaki da jarraitzea lan horiek egiten, momentuz, ez daukatelako balio nahikorik beste modu batera mozteko".
20 urterako plana
Errez kooperatibak idatzitako Basoen Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoaren helburua da 20 urtean egingo diren lan guztiak zehaztea. 411 hektarea ditu Aramaioko herri-basoak. Arriolabengoak adierazi du Aramaioko Udal Gobernuak erabaki zuela Errezen basogintza-ereduarekin bat egitea: "Aramaioko Udalak hartu zuen konpromisoa da, progresiboki, apurka-apurka, basoak bertako zuhaitz espezieekin betetzea epe luzera begira, estaldura iraunkorra mantentzen duen basogintza eredua aplikatuz".
Azaldu du, horrenbestez, zuhaitzak guztiz moztu beharrean ustiaketak "zuhaitz gutxi batzuk" kenduta egiten direla, eta horren helburua dela ekosistemako beste alderdi batzuei ere balioa ematea; alegia, zura emateaz gain, ekosistema osasuntsua ematen duela basoak. Eta denak garrantzi-maila berean jartzen dituzte, hala nola aisialdia, bio- dibertsitatea, CO2 isurketa eta paisaia. "Oinarria litzateke guztiari balioa ematea, egur-ekoizpena alboratu barik eta errentagarritasun ekonomikoa gutxitu gabe", azaldu du Arriolabengoak.
Asier Agirrek gehitu du etekin soziala eta ingurumen etekina lehenetsi dituztela etekin ekonomikoaren aurretik: "Etekin ekonomikoa hor dago, baina bertako zuhaitzen aldeko politika lantzen hasi ginen, hostozabalen ingurukoa. Bertako haritza, pagoa eta gaztainondoak landatzeko, besteak beste".
Basoak zaintzeko deia
Agirrek argi dauka diru-iturri handia izan dela basoa, eta ikusten du oinordekoek ez diotela jarraipenik ematen leku askotan: "Basoak hondatzen ari dira. Basoei kasurik egiten ez badiezu, suteetarako arrisku handiagoa dago, eta, bertako zuhaitzak mantentze aldera ere, lanak egin behar dira. Komeni da jarraipena egitea. Guk egingo diogu, baina herritarrek ere egin behar diote".