Aratusteak hasteko, kalejira eta dantzak izango dira gaur

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ots. 28a, 09:08

Iazko mozorro lehiaketan, txurro-saltzailez mozorrotutako bi emakume, eta atzean herritarrak.

Lagun Artean dantza taldeak eta Trikikalejira trikiti taldeak emango diete ongietorria Aratusteei, gaur arratsaldean. Egun handia, baina, bihar izango da, zapatua, eta mozorro lehiaketa egingo dute. Eskolan, berriz, martitzenean mozorrotuko dira.

Aratusteak ate-joka daude eta Aramaion guztia prest dute herriko kaleak kolorez jantzi eta jai giroan murgiltzeko. Gaur, egubakoitza, 19:00etan ekingo diote ospakizunari. Izan ere, kalejiran aterako dira Lagun Artean dantza taldekoak eta Trikikalejira trikiti taldekoak. Frontoian hasita, kalejira egingo dute Bizente Goikoetxea plazaraino. Dantza taldekoen esanetan, lehenengo dantza saioa kultura etxe parean egingo dute, eta ondorengo geldialdia, berriz, plazan bertan izango da. Mozorrotuta irtengo dira, egunari kolorea jartzeko asmoarekin.

Zapatua, egun handia

Kuadrillan, taldean, binaka, banaka... era askotara ari dira prestatzen mozorroak Aramaion, bihar, zapatua, jendaurrean erakusteko. 17:30ean hasiko da kalejira, frontoian, eta 18:00etan mozorro lehiaketa eta txokolate-jana egingo dituzte plazan – eguraldi txarra bada, frontoian izango da dena–. Lehiaketako epaileak herriko elkarteetako ordezkariak edo norbanakoak izaten dira, eta hainbat sari daude: alde batetik, talde mozorrotua saritzen da –bi pertsona gutxienez–, eta haurren bi sari eta 14 urtetik gorakoen beste bi sari banatuko dituzte –lehenengoak 150 eurokoak eta bigarrenak 90 eurokoak–; bestetik, originaltasuna ere sarituko da, banaka edo taldeka, eta hor ere, aurrekoetan bezala, kopuru bereko bi sari banatuko dituzte. Gaia librea da eta Udaleko Kultura zinegotzi Libe Ramilak mozorrotzera bultzatu ditu herritarrak: "Jendea animatu dadila, oso jai herrikoia izaten da, eta, gutxienez, mozorrotu daitezela. Gero, lehiaketan parte hartu nahi badute, oso ondo. Giro bikaina egoten da".

Eguna borobiltzeko, disko-festa izango da lehiaketaren ostean.

Martitzenean, eskolan

Aramaixo Herri Eskolako Inauteriak martitzenean ospatuko dituzte. Jokoak eta jolasak gaia aukeratu dute aurten, eta horrekin lotutako mozorroak ikusi ahalko dira. Goizean, eskolan, Haur Hezkuntzakoekin ospatuko dute jaia, eta arratsaldean, urtero moduan, Bizente Goikoetxea plazara jaitsiko dira haurrak eta gaztetxoak, eta han taldeka eskainiko dituzte azken asteetan entseatzen ibili diren ikuskizunak. Aratusteak amaitzeko, Inauterietako tailerra izango da ludotekan, 17:00etan. Veneziako maskarak eta Lantzeko txanoak egingo dituzte. 5 urtetik beherakoek heldu batekin lagunduta joan beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak